Indonesia
Balik G20ko buruzagiak hartu ditu Ukrainak markatutako goi bilera egiteko
Agentziak | EITB Media
Joe Biden eta Xi Jinping Txinako eta AEBko presidenteek, hurrenez hurren, goi bilera hasi baino lehen egindako batzarrean "lankidetza" sustatzearen alde egin dute, gatazkak saihesteko.
G20ko buruzagi gehienak Balira (Indonesia) iritsi dira gaur-biharretan deituta dagoen goi bileran parte hartzeko. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, aldiz, ez du hitzorduan parte hartuko.
Ukrainako gerrak taldearen elkarrizketen zati handi bat bereganatuko du, eta Errusiaren inbasioarekiko kideen arteko desadostasunek baldintzatuko dute batzarra. Indonesiako uharte turistikoak segurtasun neurri handien artean eta festa giroan hartu ditu agintariak.
Joe Biden eta Xi Jinping Txinako eta AEBko presidenteek, hurrenez hurren, "lankidetza" sustatzearen alde egin dute goi bilera hasi baino lehen egindako batzarrean, gatazkak saihesteko eta erronka globalei aurre egiteko.
Azken egunetan Kherson hiria askatu izana goraipatu du Bidenek, Ukrainako Indar Armatuentzako "garaipen esanguratsu" gisa.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak AEBko eta Txinako presidenteek Ukrainan arma nuklearrak erabiltzeari uko egin izana nabarmendu du; arma mota hori "marra gorria" dela erantsi du.
Taiwanen auziari dagokionez, ordea, Bidenek zehaztu du "statusaren edozein aldaketaren aurka" daudela, eta munduak Taiwango itsasartean "bakea eta egonkortasuna" mantentzea espero duela.
Xi Jinping Txinako presidenteak Taiwan "zeharkatu behar ez den lehen marra gorria" dela ohartarazi dio AEBko presidenteari, eta ziurtatu du espero duela Washingtonek uhartearen balizko independentzia ez babesteko egindako promesa "betetzea".
Bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak politika klimatikoak areagotzeko eskatu die bildutako buruzagiei, itzulerarik gabeko puntuetatik "oso gertu baikaude", baita elikagaien segurtasunerako eta eraldaketa digital "arduratsurako" lankidetza handiagoa ere.
Munduko 20 ekonomia aberatsenetako estatuburuen nazioarteko foroaren bezperan (berotegi efektuko isuri globalen % 80ren arduradunak, diplomatikoak gogorarazi duenez), Guterresek krisi klimatikoari aurre egiteko ikuspegi berri bat eskatu die agintariei.