UKRAINAKO GERRA
NATOk baztertu egin du Errusiak Poloniari eraso izana, eta gertatutakoa Ukrainako defentsei egotzi die
EITB Media
Poloniako presidentearen esanetan, "ezerk ez du adierazten Poloniaren aurka nahita egindako erasoa" izan zenik. Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berretsi du eroritako misila ez dela ukrainarra. "Ez dut zalantzarik, ez da gure misila izan", esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Atzo Polonia ekialdean, Ukrainako mugatik gertu, jausitako misilak eragindako nahasmenaren ondoren tentsioa nabarmen jaitsi da. NATOren eta Poloniaren adierazpenek ere lagundu dute horretan. Izan ere, NATOk iradoki du "litekeena" dela gertaturikoa Ukrainako aire defentsak eragin izana, eta Poloniak, bere aldetik, esan du ez duela beharrezko jotzen Aliantza Atlantikoaren 4. artikulua aplikatzea "une honetan".
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak ez du uste Errusiak Poloniari eraso egin dionik, eta, are gehiago, uste du atzo Polonian eroritako misila Ukrainako Aireko Defentsatik zetorrela. Aliatuek premiazko bilera egin dute Polonian atzo gertatutakoa aztertzeko, eta ondoren, prentsaurrekoa eskaini du Aliantza Atlantikoko buruak.
Stoltenbergen arabera, ezerk ez du adierazten Poloniaren aurka nahita egindako eraso bat izan zenik, eta ez dago zantzurik Errusia NATOren aurkako erasoak prestatzen ari dela esateko. Dena dela, berretsi du Errusia dela azken erantzulea, Ukrainako hirien aurkako erasoaldiaren testuinguruan gertatu baitzen.
Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berretsi du eroritako misila ez dela ukrainarra. "Ez dut zalantzarik, ez da gure misila izan", esan du.
Ildo horretan, Zelenskik azpimarratu du gertatutakoaren ikerketa ez dela amaitu, eta Poloniari eskatu dio Ukrainako ordezkariei aukera eman diezaiela gertakarien lekura joateko, ikerketak egiteko. "Ezin ditugu azken ondorioak aurkeztu? Bidezkoa dela uste dut", esan du.
Andrzej Duda Poloniako presidentearen esanetan, "litekeena" da atzo lurraldearen ekialdean bi hildako eragin zituen misila Ukrainak jaurti izana. Gaineratu duenez, "ezerk ez du adierazten" Poloniaren aurka "nahita egindako erasoa" izan zenik. Varsovian egindako agerraldi batean, Dudak gehitu du "litekeena" dela S300 modeloko misila izatea, eta Sobietar Batasunean egin izana.
Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak honakoa adierazi du: "Jaso ditugun froga gehienek adierazten dute ez dela beharrezkoa izango NATOren 4. artikulua une honetan aplikatzea".
Artikulu horren arabera, Aliantzako estatu kideek berehalako kontsultak eskatu ahal dituzte euren lurraldea, independentzia politikoa edo segurtasuna arriskuan ikusten badute.
Hala ere, Morawieckik ez du aukera hori baztertu: "Oraindik gure esku dagoen tresna bat da".
"Atzo Ukrainaren aurkako eraso masibo baten lekuko izan ginen. Ukraina osoa bonbardatu zuten, eta, bereziki, Ukrainako mugetatik gertu dauden eremuak", azaldu du Dudak. "Ukraina defendatzen ari zen, beraz, errua Errusiarena da", gaineratu du Poloniako presidenteak.