Itxi

KLIMA ALDAKETA

COP27 klimaren goi bilerak utzitako bost gako nagusiak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Nazio Batuen Klima Aldaketaren Biltzarrak funts berezi bat sortzea onartu du, klima aldaketarekiko kalteberak diren herrialdeak pairatzen ari diren ondorioei aurre egiteko.

Ekintzaile bat, COP27 goi bileran. Argazkia: EFE

Sharm Sheijen (Egipto) egin den COP27 goi bilera atzo amaitu zen, inor gutxi asebeteta utzita. Besteak beste, funts berri bat sortzea erabaki da biltzarrean, berotze globalaren ondorioz herrialde ahulenek jasaten dituzten kalte klimatikoak finantzatzeko. Akordio historikoa dela nabarmendu dute bertan bildutakoek. Bi ziren mahai gainean zituzten korapilo nagusiak: klima aldaketak eragindako galeren eta kalteen ordainketarako funts bat sortzea, eta berotegi gasen isuriak murrizteko konpromisoak hartzea. Lehendabizikoan urratsak eman dituzte, baina bigarrena lehengoan geratu da.

Hauek dira COP27 goi bilerak utzitako bost gako nagusiak:

1. Galerak eta kalteak: Klima aldaketak eragindako kalteak nola finantzatu?. Galdera horri erantzuna topatzea izan da goi bileraren erronketako bat, eta hein batean bederen, urrats bat aurrera egitea lortu da. Larrialdi klimatikoaren aurrean kalteberak diren herrialdeak diruz laguntzeko funts bat eratzea adostu dute.  Garapen bidean dauden herrialdeei berehalako baliabide ekonomikoak ematea erabaki dute, larrialdi klimatikoak sortzen dituen eragin ekonomiko eta ez ekonomikoei aurre egiteko. 

2.  Brasil itzuli da: Hasieran, Joe Biden Estatu Batuetako presidentearen agerraldiak piztu bazuen ere ikusmina, Luiz Ignacio Lula da Silva Brasilgo presidente hautatuaren hitzaldia izan da zeresan gehien eman duenetako bat. Hauteskunde ondoren egin duen nazioarteko lehen bidaia izan da Lularentzat, eta mezu bat utzi nahi izan zuen munduaren aurrean: "Brasil klima aldaketaren aurkako borrokara batzeko prest dago, berriro". Bere aurreko presidenteak "ukazioaren politika" erabili ondoren,  2025ean COP30 goi bilera Brasilen egitea proposatu zuen .

3. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zatiketa: lehendik zegoen zatiketa areagotzea ekarri du goi bilera honek. Herrialde garatuen eta garatze bidean dauden herrialdeen arteko desadostasunak, beste behin, oso agerian geratu dira. Herrialde txiroenek "ekintzak zehatzak" eta "dirua" eskatu diete aberatsenei, klima aldaketaren ondorioek eragindako kalteak bideratzeko.

4. Giza eskubideak: goi bileran bertan baino, kalean entzun dira giza eskubideen aldeko aldarrikapenak: "Giza eskubiderik gabe ez dago klima justiziarik" leloa erdigunean jarrita, ehunka ekintzailek protestak egin dituzte Sharm Sheijen, biltzarrak iraun duen egunetan. Alaa Abdelfatah aktibista egipziar-britainiarrak berebiziko protagonismoa hartu du egunotan, bere diskurtsoengatik. Besteak beste, goi bilera milaka pertsonen giza eskubideak urratzen dituen herrialde batean egitea gogor kritikatu du.

5. Krisi ekonomikoa eta energetikoa: Ukrainako gerrak azaleratu duen krisi energetikoa izan da goi bilera markatu duen gaietako bat. Atzeraldiaren arriskua herrialde guztien kezka nagusietakoa dela, energiaren krisiari aurre egiteko baliabide ekonomikoak behar dituztela esan dute goi agintari guztiek.

Albisteak (1)