Itxi

Indonesia

Indonesiak zigor kodea erreformatu du, ezkontzatik kanpoko sexua eta apostasia debekatzeko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ia ehun GKEk kritikatu dute erreforma "antidemokratikoa" izateagatik. Bere aurkariek munduan musulman gehien dituen herrialdearen "islamizazioa" gaitzesten dute.

Erreformaren aurkako protestak Indonesian. Argazkia: EFE

Indonesiako Parlamentuak zigor kodearen erreforma zabala onartu du, besteak beste, ezkontzatik kanpoko sexua, apostasia eta presidenteari irainak egitea debekatuz.

Hamarkadak eman dituzte erreforma eztabaidatzen. Orain, protesta masiboak eragin ditu munduko musulman gehien dituen eta tradizio liberala duen herrialdean.

Gehien kritikatzen diren klausulen artean daude ezkontzatik kanpoko edozein modutako sexua debekatzea, urtebetera arteko espetxe zigorrarekin; presidenteari irainak egitea zigortzea, gehienez hiru urteko kartzela zigorrarekin, eta apostasia legez kanpo uztea.

Onartu ondoren, "bi urte inguruko" epea ireki da, eta erreforma herrialdeko auzitegi konstituzionalean eztabaidatu ahal izango da, Alif Nurwidiastomi Indonesiako Lege Laguntzarako Fundazioko kideak EFE agentziari azaldu dionez.

Aldaketen menpe egongo dira indonesiarrak eta herrialdean bizi diren atzerritarrak, baita turistak ere.

2019an onartzen saiatu zirenean protestak izan ziren, eta manifestazio jendetsuen ostean gelditu egin zuten. Atzotik, dozenaka pertsona erreformaren aurka manifestatzen ari dira Jakartako Parlamentuaren aurrean.

Ia ehun GKEk salatu dute edukia "antidemokratikoa" dela, askatasunak ezabatzen dituelako. 1945ean Indonesiak independentzia lortu zuenetik egiten den zigor kodearen erreforma zabalena da.

Bere aurkariek herrialdearen "islamizazioa" gaitzetsi dute.