Estatu kolpe saiakera Perun
Dina Boluarte Peruko presidente berriak elkarrizketa eta batasuna eskatu ditu Castillo atxilotu ostean
Agentziak | EITB Media
Ezkerreko politikari eta abokatua 2026ra arte egongo da boterean eta Amerikako Estatuen Erakundearen edota AEBko gobernuaren babesa jaso du jada. Bien bitartean, Pedro Castillo presidente ohia Barbadilloko kartzelara eraman dute; han dago espetxeratuta Alberto Fujimori gobernuburu ohia ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dina Boluarte Peruko presidente berriak elkarrizketarako eta batasunerako deia egin die herrialdeko indar politiko guztiei eta "baztertuen eta gixajoen" alde borrokatuko duela hitzeman du karguaren zina egiteko orduan. Ordu batzuk lehenago, Pedro Castillo bere aurrekoa kargugabetu eta atxilotu zuten, haren kontrako zentzura mozioa saihesteko ganbera desegin eta salbuespenezko gobernua ezarri ondotik.
"Presidente kargua nire egiten dut dudan erantzukizun itzela dela jakitun. Nire lehen mezua, nola bestela, guztion batasuna eskatzeko da", azpimarratu du.
Boluarteren hitzetan, "jakin badakigu estatu kolpe saiakera bat egon dela, Pedro Castillo jaunak bultzatu duena. Parlamentu honek erabaki bat hartu du eta hura betetzea da orain nire zeregina".
Herrialdeak duen lehen emakumezko presidentea da Boularte. 2026ko uztailaren 28ra arte egongo da boterean, ordura arte irauten baitzuen Castilloren agintaldia.
Amerikako Estatuen Erakundeak presidente karguan aintzatetsi du Boluarte. Luis Almagro erakundeko idazkari nagusiak presidente berriaren "batasun nazionalerako" deia txalotu eta babesa eskaini dio "bide demokratikoa berhartzeko beharrizan larriaren aurrean". AEBko gobernuak ere aitortu dio legitimotasuna Boluarteri. Estatu idazkariko bozeramaile baten ahotan, "administrazioak pozez hartu du izendapena; berarekin lan egiteko gogotsu gaude".
Castillo, espetxera
Bien bitartean, Peruko Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu du Castilloren kontrako probak biltzeko. Matxinada eta konspirazioa egotzi dizkio.
Castillo Barbadilloko kartzelara (Ate, herrialdearen erdialdean) eraman dute bart, eta gutxienez 48 ordu emango ditu bertan. Han dago espetxeratuta, hain justu, Alberto Fujimori Peruko presidente ohia ere.