krisi politikoa
Perun harrapatuta zeuden euskal gazteetako batzuk etxera bidean dira
eitb media
Herrialdeko hainbat aireportu ireki dituzte, besteak beste Cuscokoa, eta atera ezinik zeuden 5.000 turista baino gehiagok bertatik atera ahal izan dute, euskaldunek tartean.
Peruko egoerak okerrera egin du, Pedro Castillo presidente ohiak 18 hilabeteko prebentziozko espetxe zigorra jaso duenetik. Polizia eta militarren errepresioak gutxienez 22 hildako eta ehunka zauritu utzi ditu Peru osoan, batez ere barnealdean. Hori dela eta, Dina Boluarte presidentearen bi ministrok karguari uko egin diote. Nahasmen testuinguru horretan, herrialdean harrapatuta zeuden euskal herritar gazteetako batzuk etxerako hegazkina hartzea lortu dute, errepideak eta aireportuak ireki ostean.
Aste hasieran, EITB Mediak zazpi gazterekin hitz egiteko aukera izan zuen. Medikuntza ikasleak dira Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta joan den astean Perurako hegaldia hartu zuten oporretan joateko. Ez zuten espero bertara heldu ziren egunean piztutako zalaparta, eta Cuscon zeuden harrapatuta, herrialdeko hiri turistikoenean.
Orain, herrialdeko hainbat aireportu ireki dituzte, besteak beste Cuscokoa eta, hala, harrapatuta eta atera ezinik zeuden 5.000 turista baino gehiagok bertatik irten ahal izan dute. Dena dela, larrialdi egoerak indarrean dirau, eta 15 probintziatan etxeratze agindua mantentzen da.
Aipatu ikasle euskaldunetako batzuekin hitz egiterik izan du EITB Mediak gauean zehar. Cuscotik Limara heltzea lortu dute eta, gauzak ondo badoaz, ordu gutxi barru Perutik irten eta Txilera iritsiko dira.
Andoni Martikorena ingenieritza elektrikoa ikasten ari da, eta Itziar Soraluze, berriz, medikuntza. Bart Cuzcoko aireportura heltzea lortu zuten, eta orain Liman daude, Txilera ateratzeko prest. Martikorenaren esanetan, "lehenengo hegazkina hartu nahi genuen, eta hori da lehenengo atera dena". Aireportura iristean jende ugari zegoela nabarmendu du; "nabari zen jendea alde egiteko gogoz zegoela".
Soraluzek gaineratu duenez, "enbaxadatik eta kontsulatutik ez dugu laguntza handirik jaso". Ordea, "Zumaiako bidaia agentzia bateko langile batek, Josebak, asko lagundu digu".
Bestalde, Cuscoko ostatu batean egunak daramatzate bertatik irten gabe erizaintza ikasten ari diren hiru neska euskaldunek, eta aurrenekoz kalera ateratzeko aukera izan dute. Dena den, oraindik ez dira aireportura gerturatu, egoera zertxobait baretu arte itxarongo baitute. Nahia Lertxundi gaztearen arabera, "gauzak aurrera doaz eta babestuta sentitzen gara, zorionez edo zoritxarrez militarrak ere hortik dabiltzalako".
Gainera, "errepideak irekitzen ari dira, eta aireporturako bidea ere garbitu dute". Kontatu duenez, "guk ere aukera izan dugu kalera ateratzeko, eta taberna batean egon gara 20:00ak arte, etxeratze-agindua baitago".