Itxi

Qatargate

Eva Kailik onartu egin du Europako Parlamentuko ustelkeria delituekin zerikusia duela

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Neurri batean, greziar sozialistak onartu egin du "ustelkerian aritu izana", bere aitari dirua ezkutatzeko agindua eman baitzion.

Eva Kaili eurodiputatu greziarra. Artxiboko argazkia: EFE

Europako Parlamentuko presidenteorde kargutik kendu ostean, Eva Kaili eurodiputatu greziarrak onartu egin du Qatarrekin lotutako ustezko ustelkeria delituekin zerikusia duela. Hain zuzen ere, epailearen aurrean aitortu du, eskudirutan, diru kopuru handi bat etxetik ateratzeko agindua eman ziola bere aitari.

Le Soir egunkariak astearte honetan jakitera eman duenez, neurri batean, greziar sozialistak onartu egin du "ustelkerian aritu izana", bere aitari dirua ezkutatzeko eskatu baitzion.

Halaber, adierazi du bere senar Francesco Giorgi Pierrek Antonio Panzeni eurodiputatu ohiarekin zeukan "jarduna" gertutik ezagutzen zuela. Panzeri auziaren burutzat jo zuten. Halaber, aitortu du Bruselako bere apartamentutik pasatzen zirela diruz betetako maletak, aipatu iturriaren arabera.

Agenteek Bruselako hotel batean harrapatu zuten Kailiren aita diruz betetako maleta batekin. Horri esker, Parlamentuko presidenteordearen aurka egin ahal izan zuten, immunitate parlamentarioa kontuan izan gabe, ustez delitu nabarmen batean parte hartzen ari zelako.

Abenduaren 9az geroztik, kartzelan dago Kaili, eta datorren ostegunean eramango dute epailearen aurrera. Orduan erabakiko dute espetxean jarraituko duen ala baldintzapean zein baldintzarik gabe aske utziko duten.