Venezuela
Juan Guaido buru zuen "bitarteko Gobernua" bertan behera utzi du Venezuelako oposizioak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gobernu horrek AEBko eta hainbat herrialdek osatutako talde baten aitorpena zuen. Guaidok ohartarazi duenez, horren ezabaketa "hutsean salto egitea da".
2019an Venezuelako arduradun presidente gisa Juan Guaidok bere burua izendatu zuenean, erabaki hori babestu zuten 72 diputatu ohik "bitarteko Gobernua" bertan behera uztea adostu dute ostiral honetan. Instantzia horrek AEBko eta hainbat herrialdek osatutako talde baten aitorpena zuen.
Modu birtualean bildutako parlamentari ohiek Guaidoren "bitarteko Gobernuari" babesa kentzea berretsi dute, joan den asteko bilera batean hala erabaki ostean. Talde txiki bat, ordea, "bitarteko Gobernu" horren jarraipenaren alde zegoen.
Gainera, 2015ean aukeratutako Batzorde Nazionalari (Parlamentua) eustea erabaki dute (ez dute aitortzen 2021ean osatutako Parlamentuaren legezkotasuna). Batzorde Nazional horrek Venezuelak atzerrian dituen baliabideak babesteko legeak egiten ditu, eta orain arte "bitarteko Gobernu" horrek kontrolatzen zituen. Guaidoren asmoa zen bitarteko hori mantentzea.
Horrekin bat zetozen 23 diputatu ohik esan duten gertatutakoa "magnizidio juridikoa" dela. Zortzi opositore, berriz, abstenitu egin dira, proposamenaren legezkotasun konstituzionala kolokan dagoelakoan.
Bozketa egin aurretik, Guaidok ohartarazi zuen bitarteko Gobernu hori ezabatzea "hutsean salto egitea" litzatekeela, eta "izen eta interes pertsonalen gainetik, bitarteko Gobernua defendatzera" deitu zituen alderdiak.