INBESTIDURA EKITALDIA
Lula da Silvak "demokraziaren garaipena" ospatu du Brasilgo presidente gisa eman duen lehen hitzaldian
EITB MEDIA
Arratsaldean hartu du presidente kargua Lulak, Bolsonaroren aroari amaiera emanez. Irteerako presidentea ez zegoenez, "Brasilgo herriaren aberastasuna eta aniztasuna sinbolizatzen duen" herritar talde baten eskutik jaso du Lulak presidente-banda.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente berriak urriko hauteskundeak irabaztea ahalbidetu zion "demokraziaren garaipena" ospatu du igande honetan, ultraeskuinaren "mehatxu"-en gainetik.
"Hemen bagaude, Brasilgo gizartearen kontzientzia politikoari esker da", adierazi du Lulak Parlamentuan, Brasilgo presidente berriaren zina egin ostean eman duen lehen hitzaldian.
"Demokrazia izan zen garaile nagusia, boto askatasunaren aurkako mehatxurik bortitzenak gainditu zituena", esan du Jair Bolsonaro presidente ohiak botazio sistemaren aurka abiatutako kanpainari erreferentzia eginez.
Lehen hitzaldi horretan, presidente berriak 33 milioi pertsona gosetik eta 100 milioi pobreziatik "erreskatatuko" dituela agindu du, herrialdeko biztanleriaren ia erdia.
"Gure lehen ekintzak 33 milioi pertsona gosetik eta 100 milioi brasildar baino gehiago pobreziatik erreskatatzera zuzenduko ditugu, gaur ixten ari den suntsipen nazionaleko proiektuaren zamarik gogorrena jasan dutenak", esan du Lulak Parlamentuan emandako hitzaldian.
Erronka gisa ezarri ditu transizio energetikoa bultzatzea eta Amazonia salbatzea, bai eta Latinoamerikako integrazioa eta indigenen babesa ere. Pandemiako "genozidioaren" errudunak zigortuko dituela ere esan du.
Inbestidurako presentziak eta absentziak
Segurtasun Neurri zorrotzen artean jabetu da karguaz Luiz Ignacio Lula Da Silva Brasilgo presidente berria. Ezkerreko buruzagiak dituen erronken artean dago Bolsonaroren aroari atea erabat ixtea; jakitun, eskuin muturrak urrats asko egin dituela azken urteetan.
Brasiliako arratsaldeko 15:00etan, Euskal Herrian 19:00ak zirenean hasi da Lula da Silvaren inbestidura ekitaldia.
Bertan, 20 bat estatu buru eta 300.000 pertsona iza ndira. Halere, absentzia nabarmena izan da: Jair Bolsonaro orain arteko agintaria. Ondo bidean, berak eman beharko lioke boterearen ikurra den banda presidente berriari baina Bolsonarok ez ditu onartu hauteskundeetako emaitzak eta agintaldia bukatu bezperan Estatu Batuetara alde egin du, Floridara hain zuen ere.
Presidente-banda, herriaren eskutik
Brasilgo agintari berriak herrialdeko hainbat ordezkariren eskutik jaso du igande honetan presidentearen banda, Jair Bolsonaro agintari ohia ez delako bertan izan.
Lulak Brasiliako Planalto jauregiko arrapala igo du, baina gorenean ez zegoen Bolsonaro, protokoloak agintzen duen bezala. Horren ordez, presidentearen jauregiaren goiko aldera "Brasilgo herriaren aberastasuna eta aniztasuna sinbolizatzen duten" pertsona talde batekin batera igo da; besteak beste, haur bat, afroondorengoak, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak eta Raoni Metuktire buruzagi indigena ezaguna.
Presidente berria arrapala igotzen. EFE.
Atzotik kalean dira Brasildarrak Lularen itzulera ospatzen. Autobusetan, hegazkinez edo bizikleta hartuta, Brasiliara iritsi diren jarratzaileak itxaorpentsu daude ezkerra berriro ere boterera iritsi delako.
Bolsonaroren eskuin muturrak eskubideen urraketa eta pobrezia ekarri dituela salatzen dute eta aro berrian gauzak hobetuko direlakoan daude.
Lularen jarraitzaileak. Argazkia: EFE
77 urte betetzear dela hirugarrez presidente bihurtuta, erabat zatituta dagoen herrialdea batu eta egoera ekonomikoa hobetzea izango dira Lularen erronkak.