Brasil
Lula da Silvaren erronka nagusiak
EITB Media
Langileen Alderdiko buruak 3. agintaldiari ekin dio, azkenekoz presidente izan zenetik 20 urtera. Lula bera zein Brasil aldatu egin dira ordudanik, baina hainbat arazo (pobrezia edo segurtasun eza) konpontzeke daude. Gainera, Bolsonarok oinordetzan utzitako beste batzuei egin beharko die aurre.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Hondakinetan dagoen herrialdea berreraikiko dut", horixe agindu zuen atzo, inbestidura saioan, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente berriak. Hirugarren agintaldia du Lulak, azkenekoz presidente izan zenetik 20 urte igaro diren honetan (2003an eta 2010ean egon zen boterean). Bi hamarkadotan, aldatu egin dira Langileen Alderdiko buruzagia bera eta herrialdea, baina pobreziak eta segurtasunik ezak erronka izaten jarraitzen dute. Horiei, Bolsonaroren aroak utzitako gatazka eta aferak gehitu beharko dizkio buruzagi ezkertiarrak. Honakoak dira Lula da Silvaren desafio garrantzitsuenak:
Ingurumena. Amazonia legez kontrako deforestazioarekin amaitzea agindu du Lulak. Presidente gisa hartu dituen lehen neurrien artean daude, hain justu, Amazonia Funtsa berriro aktibatzea (oihana babesteko nazioarteko funts hori Bolsonarok utzi zuen bertan behera, 2019an) edota inguru horretan baliabide mineralak ustiatzeko baimenaren luzapena ezeztatzea. "Brasilek ez du oihana suntsitu behar nekazaritza bultzatzeko", azpimarratu du.
Indigenak. Aurreko gaiarekin lotuta, indigenen lurrak berriro mugatzeko konpromisoa hartu du buruzagi ezkertiarrak. Lau urtez geldituta izan du prozesua Bolsonaro ultraeskuindarrak. "Mugatutako lur bakoitza ingurumen eremu berri bat da (...) Herri indigenen kontra egindako bidegabekeria guztiak ezerezean utziko ditugu", adierazi du. Auziak Lularen gobernuarentzat duen garrantziaren lekuko, Herri Indigenen Ministerioa sortu dute, historian lehen aldiz. Horren buru Sonia Guajajara ekintzaile eta diputatu indigena jarri du, nazioartean sona handiko buruzagia.
Ekonomia. Gosearen eta pobreziaren kontrako borroka, Lularen beste erronketako bat. Brasilen 33 milioi pertsona daude gosez, eta 100 milioi, biztanleriaren erdia ia, txiroak dira. Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak egindako azterketaren arabera, 90ko hamarkadako pobrezia mailara bueltatu da herrialdea.
Duela 20 urteko egoera ekonomikoaren oso bestelakoa du orain Lulak. Lehen agintaldian, Brasilgo ekonomia urtero % 4 hazi zen batez beste, eta pobreziaren datuak hobetu zituen Lulak. Gaur egun, inflazioa gora doa —% 6koa izan zen azaroan— eta hazkunde ekonomikoa dezelerazio betean dago (2022an, ekonomia % 2,9 haziko zela aurreikusi zuen Munduko Bankuak, eta 2023an, % 1 eskas). Langabezia tasa (% 8,7) 2015ko tasarik txikienean badago ere, adituek uste dute ziurgabetasun ekonomikoak ondorioak izan ditzakeela.
Zatiketa politikoa. Politikoki zatitutako herrialdea gidatu beharko du Lulak. Langileen Alderdiak ez zuen esperotako garaipen argia izan hauteskundeetan, eta Bolsonarok jasotako babesa ere zabalagoa izan zen. Erabat ezker zaleak ziren aurreko bi gobernuetatik urrun, alderdi anitzek osatutako exekutiboa du osatu du oraingoan Lulak, kutsu zentrista batekin. Gainera, kontserbadoreek gehiengoa dute Kongresuak, eta horrek are gehiago zailduko du Lularen jarduna.
Latinoamerika eta nazioarteko politika. Bolsonarok jarraitutako nazioarteko politikatik ezberdindu nahi duela esan du behin eta berriz buruzagi ezkertiarrak. Presidente ultraeskuindarra Donald Trump AEBko presidente ohiaren aliatu izan zen, eta ia bakarrik geratu zen pandemiaren kudeaketan. "Nazioartean paria izateari utzi" nahi diola azpimarratu du Lulak.
Lationamerikan ere norabidea aldatu nahi du Brasilgo presidente berriak. Ezkerra nagusi den honetan, "batasuna berreskuratzeko" eginahalak egingo dituela agindu du. "Mercosur bultzatuko dugu eta Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna berpiztu", iragarri zuen presidente hautatu berritan.
Ustelkeria. Lularen ibilbide politikoak badu ilunik, eta hain zuzen, ustelkeriaren orbana garbitzeko lanak egin behar ditu buruzagiak. Petrobras petrolio konpainian eta Odebrecht eraikuntza enpresaren kudeaketan atzemandako irregulartasunen ondorioz, urtebete pasatxo eman zuen kartzelan Lulak, gerora Gorenak zigorra bertan behera utzi bazion ere.