Etxe Zuria
Bidenen bulego batean aurkitutako dokumentu klasifikatuak ikertzen dabil AEBko Justizia Departamentua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
FBI ere agiri horiek ikertzen ari da. Hamar bat dokumentu dira, Barack Obamaren gobernuan presidenteorde zenean erabilitakoak.
AEBko Justizia Departamentuak ikerketa abiatu du Joe Biden presidenteak sortutako Penn Biden Center for Diplomacy and Engagement bulegoetan aurkitu dituzten zenbait dokumentu klasifikatu aztertzeko. Barack Obamaren garaietan, presidenteorde karguan zegoenean (2009-2017), sortu zituen bulego horiek Bidenek.
Donald Trump presidente ohiaren Mar-a-Lagoko (Florida) egoitzan egindako miaketa ekarri dute gogora hedabide estatubatuarrek, Bidenekin lotutako aferak gertakari harekin parekotasun gutxi baditu ere.
Ohar batean, Etxe Zuriak ziurtatu du bat egin duela ikerketarekin. "Artxibo Nazionalarekin eta Justizia Departamentuarekin elkarlanean ari gara", esan du Bidenen aholkulari berezi Richard Sauberrek.
Bestalde, The Whasington Post egunkariak, iturri anonimoak aipatuta, esan du FBI ere agiri horiek ikertzen ari dela. Hamar bat dokumentu dira, "Barack Obamaren gobernuan presidenteorde zenean erabilitakoak".
Bidenen abokatuek aurkitu zituzten dokumentuok, eta agintarien esku utzi. Mar-a-Lagon, aldiz, ez zen horrelakorik gertatu, hots, beharrezkoa izan zen Justizia Departamentuaren esku-hartzea paperak berreskuratzeko.