Itxi

peru

Peruk larrialdi-egoera ezarri du Liman eta beste hainbat probintziatan, protestak geldiarazteko helburuz

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Neurria gaur bertan sartuko da indarrean eta 30 egunez luzatuko da. Gainera, gobernuak etxeratze-agindua ezarri du Punon hamar egunez, 20:00etatik 04:00etara.

Manifestariak Pedro Castillo presidente ohiaren askatasuna aldarrikatzeko protestetan. Argazkia: EFE

Peruko Gobernuak larrialdi-egoera ezarri du Cusco, Lima eta Puno departamentuetan, Callao probintzian eta beste eskualde batzuetan, Dina Boluarte presidentearen aurkako protestak geldiarazteko helburuz. Neurria gaur, urtarrilak 15, sartuko da indarrean eta 30 egunez luzatuko da. 

Dekretuaren arabera, larrialdi-egoerak irauten duen bitartean "bertan behera geratzen dira bizilekuaren bortxaezintasuna, lurraldetik askatasunez ibiltzeko eskubidea, biltzeko eskubidea, eta askatasun eta segurtasun pertsonalak".

Aipatutako eskualdeez gain, Andahuaylas probintzian (Apurímac departamentua), Tambopata eta Tahuamanu probintzietan (Madre de Dios departamentua) eta Torata barrutian (Mariscal Nieto probintzia, Moquegua departamentua) ere ezarri da larrialdi-egoera. Halaber, neurriak bost errepide nazional barne hartzen ditu: Hego Panamerikarra, Ipar Panamerikarra, Erdikoa, Hegoaldeko Presimac-Cuzco-Arequipa Bide Korridorea eta Hego Ozeano Arteko Bide Korridorea.

Bestalde, Puno departamentuan etxeratze-agindua ezarri du hamar egunez, 20:00etatik 04:00etara. 

Iragan abenduan, liskarrak hasi zirenetik, 329 herritar atxilotu dituzte gobernuaren aurkako protestetan, 42 pertsona hil dira —41 zibil eta polizia bat— eta 531 zuritu egon dira —355 zibil eta 176 polizia—.