Itxi

Gatazka Ekialde Hurbilean

Sinagoga batean egindako eraso armatu batek zazpi hildako utzi ditu, Ekialdeko Jerusalem okupatuan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Beste hiru pertsona larri zauritu dituzte. Israelgo Poliziak "terroristatzat" jo du erasoa. Israelen eta Palestinaren arteko tentsioak gora egin du azken orduetan.

Larrialdi zerbitzuak sinagogaren kanpoaldean, Ekialdeko Jerusalemen. Argazkia: EFE

Zazpi pertsona hil dituzte Ekialdeko Jerusalem okupatuko sinagoga batean izandako eraso armatuan, eta beste hiru larri zauritu dira balaz, Magen David Adom larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.

"Zazpi heriotza, Hadassah Mount Scopus ospitalera eramandako hiru biktima, horietatik 70 urteko pertsona bat egoera kritikoan, 20 urteko bat egoera larrian eta 14 urteko beste bat egoera moderatutik larrira", adierazi du.

"Tiro egin zuen terrorista bertan neutralizatu dute", jakinarazi du Israelgo Poliziak. Gertakaria Neve Yaakov auzoan jazo da, eta polizia-dispositibo zabala zabaldu dute, iturri berak gaineratu duenez.

Hamas mugimendu islamistak, Gazako Zerrenda de facto gobernatzen duenak, meskiten bozgorailuen bidez ospatu du erasoa, baina ekintza bere gain hartu gabe.

Airera tiro hotsak entzun dira Zerrendan, auto-gidari askok "Jainkoa handia da" oihukatzen zuten bitartean.

Israelgo Poliziak "terroristatzat" jo du erasoa, baina oraindik ez dute erasotzailearen nortasuna argitu.

Israelen eta Palestinaren arteko tentsioak gora egin du azken orduetan.

Israelek Gazako Zerrenda bonbardatu du gaur, bertatik hainbat kohete jaurti ostean. Israelgo Armadak hamar palestinar hil zituen ostegunean, Zisjordanian, horietako bederatzi Yeningo errefuxiatu-gunean egindako sarekada militar batean.