Jerusalem
Jerusalemgo azken atentatuei erantzun "indartsua, azkarra eta zehatza" emango diela iragarri du Netanyahuk
agencias | eitb media
Alerta maila gorena eta 42 atxilotu Jerusalemen, sinagogaren aurkako atentatuaren ostean. Jaire Alkam ustezko hiltzailea erasoa gertatu zen lekuan bertan hil zuten Israelgo segurtasun indarrek. 13 urteko palestinar batek bi pertsona zauritu ditu, eta tirokatuta hil dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri du atentatuen erantzuna "indartsua, azkarra eta zehatza" izango dela. Guri min egiten saiatzen den orori edo hari laguntzen diogu orori min egingo diogu", ohartarazi du, 'The Times of Israel' egunkariak jaso duenez. "Ez dugu eskalada bat nahi, baina edozein agertokitarako prest gaude", gaineratu du.
Are gehiago, Israelgo Armadak larunbat honetan baieztatu duenez, hiru batailoi gehiago ipini ditu Zisjordanian. Halaber, 'Times of Israel' egunkariko iturriek baieztatu dutenez, Israelgo Gobernua su-armen baimenak bizkortzeko aukera eztabaidatzen ari da. Kobi Shabtai Israelgo Poliziako komisario buruak arma lizentzia duten herritar guztiei suzko arma bat eramateko eskatu die.
42 atxilotu ostiraleko atentatuen ostean
Israelgo segurtasun indarrek gutxienez 42 pertsona atxilotu dituzte bart Jerusalem Ekialdean, okupatuan, sinagoga baten aurka egindako erasoan 7 pertsona hil dituen gizonezkoaren etxean.
Atxilotutakoen artean 15 gazte eta Jaire Alkam ustezko hiltzailearen gurasoak daude. Alkamek autotik tirokatu zituen Neve Yaakov sinagogan otoitz egitera zihoazen fededunak, eta erasoa gertatu zen lekuan bertan hil zuten Israelgo segurtasun indarrek.
"Tiroz egindako erasoaren ikerketaren harira, ostiral gauean eta larunbat goizean, Poliziak 42 susmagarri atxilotu ditu, batzuk terroristaren senide edo gertukoak", jakinarazi du Poliziak.
Gehienak ustezko hiltzailearen etxe inguruan atxilotu zituzten, Jerusalen ekialdean, okupatutakoan, eta "susmagarriek erasoa egin zuen terroristarekin duten harremana aztertzea" omen da helburua.
2011tik izan den atentatu larriena da hau. Sinaitik iritsitako talde batek 8 israeldar hil zituen orduan.
Oraingoz zazpi dira hildakoak, baina baliteke kopuruak gora egitea; izan ere, zaurituetako hiru egoera kritikoan daude ospitalean: 70 urteko emakume bat, eta 20 eta 30 urteko bi gizonezko.
Israelek egindako polizia operazio batean bederatzi palestinar hil zituzten atzo Zisjordanian, eta tentsio handiko egun horren amaieran izan zen erasoa. Hamas mugimendu islamistaren bozeramaile batek adierazi du Zisjordaniako "sarraskiaren aurka egindako mendeku ekintza heroikoa" izan dela sinagogaren aurkako tiroketa, Yedioth Aharonoth egunkariak zabaldu duenez.
Agintariek adierazi dute "terrorista" izan dela erasoa, termino horixe erabiltzen abitute palestinarrek egindako eraso guztietan.
13 urteko adingabe palestinar bat hil dute hark bi pertsona zauritu ostean
Hamahiru urteko adingabe palestinar batek tiroz egin du eraso Jerusalemgo Silwanen, eta bi pertsona zauritu ditu, bi zibilek tirokatu eta hil baino lehenago, segurtasun indarrek jakitera eman dutenez.
59 eta 20 urteko aita-semeak dira tirokatutakoak, Times of Israel egunkariak segurtasun eta osasun iturriak aipatuta zabaldu duenez. Larri dauden arren, haien bizitza ez omen dago arriskuan.
Jerusalem. Argazkia: Efe
Palestinak Israeli egozten dio erru "guztia"
Palestinako Aginte Nazionalak Israeli egotzi dio Jerusalemen bizi den tentsio egoeraren erru "guztia".
"Palestinako buruzagitzak Israelgo okupazio Gobernua egiten du egoera honetara iritsi izanaren arduradun", jakinarazi du agiri batean, urtarrilean Israelgo segurtasun indarrek 31 palestinar hil dituztela gogorarazi aurretik.
WAFA agentziak zabaldutako mezu horretan, buruzagi palestinarrek okupazio gobernuari ohartarazi diote bide horretatik jarraituz gero "eskualdearen egoera kaltetu egingo dela, segurtasuna eta egonkortasuna mehatxupean jarriz".
Palestinako Aginte Nazionalak berretsi egin du Jerusalemen polizia-operazioen ostean hartutako erabakia, besteak beste, segurtasun kontuetan Israelekin elkarlanik ez egitea, eta nazioarteko komunitateari dei egin dio Israel geldi dezala.
Herrialde arabiarrek neurriak eskatu dituzte
Bestalde, Egiptok, Jordaniak, Barheinek, Omanek eta Saudi Arabiak ohartarazi dute "oso arriskutsua" dela indarkeriaren gorakada Palestinaren eta Israelen artean, eta "neurriz" jokatzeko eskatu diete Palestinari eta Israeli.
Egiptok "indarkeriaren zirkuluan" ez erortzeko dei egin du, egoera politikoa eta soziala okertzen duelako, eta "bake prozesua berrabiarazteko aukerak deuseztatzen" dituelako.
EBk "indarkeria-zurrunbiloa" iraultzeko eskatu die Israeli eta Palestinari
Europar Batasunak "indarkeriaren zurrunbiloa iraultzeko" eskatu die larunbat honetan Israeli eta Palestinari.
Josep Borrell Europako diplomaziaren buruak esan du EB "izututa" dagoela Jerusalem ekialdeko erasoengatik, "beste behin ere erakusten baitute zein premiazkoa den indarkeriaren zurrunbiloa iraultzea".
Era berean, ziurtatu duenez, Europar Batasunakk "erabat onartzen ditu Israelek segurtasunaren arloan dituen kezka legitimoak, azken erasoek agerian uzten dute hori", baina "azpimarratu behar da indarraren erabilera hilgarria soilik bizitza babesteko behar-beharrezkoa denean erabili behar dela azken baliabide gisa".
Eta bi aldeei eskatu die "ahalik eta gehien" egin dezatela egoera deseskalatzeko eta "probokazioei" ez erantzuteko.