Peru
Hauteskundeak aurreratzea helburu, Konstituzioa erreformatuko duela iragarri du Boluartek
Agentziak | EITB Media
Kongresuak gaur bozkatuko du berriro bozak aurreratu ala ez, eta ingurumari horretan, presioa egin nahi izan du Peruko presidenteak bi erreforma onartuko dituela iragarrita.
Hauteskundeak aurten egiteko asmoz, Dina Boluarte Peruko presidenteak bi konstituzio erreforma egingo dituela iragarri du. Kongresuak gaur bozkatuko du bozak aurreratu ala ez, eta baietzak bozketa galduko duelakoan, presioa egin nahi izan du Boluartek.
Nazioari zuzendutako agerraldi batean azaldu duenez, proposamenetako bat hauteskundeak urrian egitea da, zehazki, hilaren 15ean. Bigarren itzulia abenduan izango litzateke.
Beste lege proposamena 1993ko Konstituzioa aldatzea da. Behin Kongresuak onartuta, herritarrek bozkatu beharko lukete erreferendumean.
Peruko presidenteak gogor kritikatu du ganberak hauteskundeak aurreratzearen kontra bozkatu izana.
Bien bitartean, Peruko Herritarren Defentsarako Bulegoak estu hartu ditu gobernua bera eta Kongresua, bi erakundeek egoera "baretzeko eta aldatzeko" ardura duten aldetik. "Protestetan jendea hiltzea ez da 'ondorio sozial' bat, ezta 'albo ondorio' bat ere", kritikatu du.
Krisi politiko eta instituzional larrian dago Peru abendu hasieratik. Pedro Castillok Parlamentua desegin eta salbuespen gobernua ezarri eta gutxira, hura kargugabetu zuten, eta Dina Boluarte presidente berriak ez du egoera baretzen asmatu.
Castillo kartzelatu zutenetik, dozenaka mila lagun kalera atera dira eta Polizia gogor oldartu zaie. Bi hilabeteotan 60 pertsona inguru hil dira mobilizazioetan.