ESTATU BATUAK
Fiskalak bideratu egin du nahi gabeko hilketa akusazioa Alec Baldwinen kontra
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Orain, baliteke, zigor arloko ahozko epaiketa bati aurre egin behar izatea aktore estatubatuarrak. Gehienez bost urteko espetxe zigorra jaso dezake.
Alec Baldwin aktorearen kontrako nahi gabeko hilketa akusazioa formalizatu egin du gaur Mexiko Berriko (AEB) Mary Carmack-Altwies fiskalak. "Rust" pelikularen grabazioan, Halyna Hutchins 42 urteko argazki zuzendaria hil zen, 2021eko urrian, Baldwinek atrezzoko pistola batekin tiro egin ostean.
Orain bi aste aurreratu zuen Carmack-Altwiesek Baldwini hainbat kargu leporatzeko asmoa zuela, tartean, nahi gabeko hilketarena. Halaber, filmaketako segurtasun arduradunari ere, Hannah Gutierrez-Reedi, egotzi dio delitu hori fiskalak.
Atzo kaleratutako akusazio idatzian, grabazioan egon ziren "segurtasun akatsak" nabarmendu ditu, eta era berean, Baldwinek bazuela protokoloaren berri zehaztu du fiskalak, "gutxienez 40 filmetan parte hartutako aktorea" delako.
Segurtasun arduradunari buruz, berriz, hura filmaketan egotea ezinbesteko baldintza zela ondorioztatu du Carmack-Altwiesek, "erabiliko zen arma segurua zela ziurtatzeko".
Horrez gain, suzko armak erabili aurretik, aktoreak "gutxieneko formazio saio" bat jaso behar zuela ere zehaztu da idatzian. "Ez zuen bete baldintza hori. Familiarekin telefonoz hitz egiten egon zen denbora ia guztian".
Mexiko Berriko agintariek 140.000 dolar inguruko isunarekin zigortu zuten "Rust" filmaren ekoizleak, tartean Baldwin bera, segurtasun protokoloak urratzeagatik.
Fiskalak ia 15 hilabete behar izan ditu aktorearen aurkako akusaziok aurkezteko. Biktimaren familiak aktorea salatu zuen zuhurtziagabeko hilketa egotzita.
Orain, baliteke, zigor arloko ahozko epaiketa bati aurre egin behar izatea Baldwinek eta Gutierrez-Reedik. Gehienez bost urteko espetxe zigorra jaso dezakete.