Lurrikarak
Apenas iritsi da laguntza Siriako oposizioaren kontrolpean dauden eremuetara
Agentziak | EITB Media
Espainiako eta Egiptoko bi talde bakarrik joan dira zonalde horietara erreskate lanetan laguntzeko. Gauzak horrela, Siriako ipar-mendebaldean ia ez dago laguntza humanitariorik. Bertara sartzeko pasabide bakarra dago: Bab el Hawa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kasko zuriek, Siriako ipar-mendebaldeko oposizioren kontrolpean dauden guneetan lan egiten duen erreskate-taldeek, gaur salatu duenez, Espainiako eta Egiptoko bi talde baino ez dira bertaratu erreskate-lanetan laguntzeko.
Open Arms gobernuz kanpoko erakunde espainiarrak ostegunean lortu zuen Siriako eremu horietara sartzea. Iritsi zen lehen boluntario taldea, ordea, egiptoar bat izan zen.
Joan den asteleheneko goizaldetik Turkia, Siria eta Kurdistan astindu zituzten lurrikaren ostean, Siriako ipar-mendebaldean ia ez da erreskate talderik eta laguntza humanitariorik izan. Bertara iristeko pasabide bakarra dago: Bab el Hawa. Turkia Siriako Idlib eskualdearekin lotzen du.
Bidegurutze horretatik iritsi zen atzo NBEren lehen konboi humanitarioa, baina ordura arte ez ziren hornigaiak iritsi oposizioaren esku dauden Idlib eta Alepo lurraldeetara. Etsaiez inguratuta daudenez, Turkiako mugaren beste aldetik baino ezin dira zuzenean heldu.
Harim, Idlibetik (Siria) gertu. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak gaur jakitera eman duenez, otomandar Estatuan bakarrik 18.991 pertsona hil dira astelehenean izandako lurrikaretan. Guztira, 22.375 hildako dira dagoeneko.
Erdoganek, bestalde, azpimarratu du 75.000 pertsona salbu jartzea lortu dutela, erreskate taldeek "eragozpenak" izan dituzten arren.
Turkiako buruzagiak onartu du agintariek arazoak dituztela lurrikararen ondorioak kudeatzeko, kaltetutako azalera handia eta suntsipen maila direla eta.
Barne Ministerioaren mendeko Hondamendiak eta Larrialdiak Kudeatzeko Agintaritzak (AFAD) zehaztu du 74.242 zauritu daudela dagoeneko, Anatolia Turkiako albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Goizaldean, larrialdi zerbitzuek hondakinen azpiko pertsonak erreskatatzen jarraitu dute, lurrikarak gertatu eta 100 ordu geroago. Zeregin hori gero eta zailagoa da, izan ere, hondamenditan gizaki batek ura hartu gabe edo jan gabe eman dezakeen denbora estandarra 72 ordukoa baita.
Larrialdi zerbitzuen lanak jarraitzen duen bitartean, Turkiako agintariek agindu dute neurriak hartuko dituztela eraikuntza sektorean dagoen zabarkeriaren aurka; izan ere, uste dute etxeak gaizki eraikitzeak heriotza kopuru handian eragina izan duela.
Lurrikarek ia 3.384 pertsona hil eta 5.200 zauritu dituzte Sirian, Bashar al-Assaden Gobernuko osasun agintariek eta Idlib eta Alepo lurraldeetako (ipar-mendebaldea) oposiziokoek emandako datuen arabera.