Kargu-uztea Eskozian
Sturgeonek kargua utziko duela iragarri du: "Une egokia da hau"
A.A.E. | EITB Media
Eskoziako lehen ministro karguaz gainera, SNP alderdi nazionalistako lidergoa ere utziko du Nicola Sturgeonek. Erabakia ez dela "momentuko presioen ondorioz" hartutakoa jakinarazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nicola Sturgeonek Eskoziako lehen ministro kargua eta Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) lidergoa utziko duela iragarri du. Edinburgon prentsaurrekoan eman du bere erabakiaren berri. Hala ere, bere ordezkoa aukeratu arte karguan jarraituko duela argitu du. Dagoeneko eskatu dio SNP arderdiko idazkaritza orokorrari horretarako prozesua has dezala.
Asko pentsatutako erabakia dela adierazi du, "ez momentuko presioen ondorioz hartutakoa". "Nire buruan eta bihotzean sentitzen dut hau dela une egokia", esan du. Urteetako lanaren poderioz sortutako nekearen ondorioz hartutako erabakia dela iradoki du.
Eskoziako lidergoa une batzuetan "lan zaila" izan dela azaldu du Nicola Sturgeonek kazetarien aurrean, eta Covid-19aren pandemiaren garaia jarri du horren adibide gisa. "Lan hau egiteko modu bakarra noberaren partetik dena ematea da", iritzi dio, eta horrek beregan "eragin fisiko eta psikologikoak" izan dituela gaineratu du.
Ukatu egin du bere erabakiaren arrazoi nagusia genero aldaketaren legearen erreformak sortu duen polemika izan denik. Hala ere, "nire iritziak eztabaidarako oztopo dira gaur egun", erantsi du. Hain zuzen ere, erreforma honek polemika sortu du, bai bere alderdi barruan, baita kanpoan ere. Erresuma Batuko Gobernuak duela gutxi esan du neurri hori blokeatu egingo duela.
Independentziari dagokionez, Sturgeonen iritzian, 2015ean baino gertuago dago Eskozia gaur egun. Bere nahia lehengoa dela berretsi du, alegia, urriko hauteskundeak plebiszitarioak izatea. Bere ondorengoak "Eskozia bide horretatik eramango duen itxaropena" agertu du.
Nicola Sturgeon 1999an hautatu zuten lehenengoz Eskoziako Parlamentuko kide gisa. 2004an, SNP alderdiko diputatu nagusi izatera iritsi zen. 2014an, independentzia erreferendumean ezezkoak irabazi ondoren, ordura arte Eskoziako lehen ministroa zen Alex Salmond ordezkatu zuen. 2015ean eta 2019an, Eskoziako hauteskundeak irabazi zituen SNP alderdiak.
Gobernuburu izan den urte hauetan Eskoziako independentziazaleen aurpegi esanguratsuena izan da nazioartean. Urrian iragarri zuen Eskoziako Gobernuak independentziaren aldeko beste galdeketa bat egiteko asmoa zuela. Hain zuzen ere, aurtengo urriaren 19an egin nahi zuten galdeketa hori. Azaroan, ordea, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Eskoziak ezin duela aldebakarreko erreferendumik deitu; izan ere, "horretarako konpetentzia Erresuma Batuko Parlamentuak soilik dauka", horren arabera.