Itxi

Europar Batasuna

Europako Batzordeak eta Kontseiluak debekatu egin diete langileei TikTok instalatzea

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Debekua eragin duen eraso zehatzen bat izan ote den argitzea saihestu du Europako Batzordearen bozeramaileak. TikTok elkartearen ustez, berriz, erabakia "oker dago eta kontzeptu okerretan oinarritzen da".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak TikTok aplikazio txinatarra telefono mugikor ofizialetan instalatzea debekatu diete euren langileei, "segurtasun" arrazoiak argudiatuta, Estatu Batuetako Kongresuak bere beharginekin egin zuen bezala.

Sonya Gospodinova Europako Exekutiboko bozeramaileak esan duenez, erabakia "arretaz aztertu" dute, eta "Europako Batzordea zibersegurtasunaren mehatxuetatik eta erasoetatik babesteko" hartu da, baina ez du argitu debekua eragin duen eraso zehatzen bat izan ote den.

Hala ere, Bruselak "etengabe" berrikusiko du neurria, eta etorkizunean "atzera botatzea" izan daitekeela erantsi du Gospodinovak.

Igor Unanue zibersegurtasun adituak eitb.eusi azaldu dionez, "kontua da TikTokek, txinatarra izanda, konfiantza gutxiago ematen duela, txinatarrek eguneratzeak beraien erara egiten dituztelako; ez dago kontrol handirik Europar Batasunetik, kontrol gutxiago izango luke; eta gainerakoek, badirudi, kontrol gehiago dutela, baina edozein aplikaziok ditu ahultasunak, zaurgarritasunak".

TikTok enpresaren bozeramaile baten ustez, ordea, EBren erabakia "oker dago eta funtsezko kontzeptu okerretan oinarritzen da".

"Harritu egiten gaitu Batzordea gurekin zuzenean harremanetan jarri ez eta azalpenik eman ez izanak: bilera bat eskatu dugu gauzak argi uzteko, TikTok hilero bisitatzen duten 125 milioi pertsonen datuak nola babesten ditugun azaltzeko", gaineratu du bozeramaileak.

TikTok aplikazioaz gain, Batzordeak debekatu egin zuen Zoom bideo-deien aplikazioa, baina antzeko beste batzuk baimendu ditu, hala nola Skype Empresarial edo Webex.

Bideoak (1)