Itxi

Tren istripua

Gutxienez 40 pertsona hil dira Grezian izandako tren istripuan, eta geltokiko arduraduna atxilotu dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ezbeharra gauerdian jazo da, Tempe herrian (herrialdearen erdialdean), bidaiarien tren batek eta merkantzien beste batek aurrez aurre elkar jo dutenean. Kolpe bortitzaren ondorioz, bidaiarien trenaren hiru bagoi errailetatik atera dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Larisako (Grezia iparraldea) tren-geltokiko arduraduna atxilotu dute, Tempe herrian (Greziako erdialdea) izan den tren istripuan zerikusia duelakoan. Bi trenek talka egin dute aurrez aurre, eta dagoeneko 40 hildako zenbatu dituzte.

Ezbeharra gauerdian jazo da, bidaiarien tren batek eta merkantzien beste batek elkar jo dutenean, ERT telebista kateari Greziako suhiltzaileek jakinarazi diotenez. 

Lehen hipotesien arabera, bidaiarien trena —350 pertsona zeramatzan Salonikatik (iparraldea) Larisara (erdialdean)— ez zegokion trenbidean sartu da eta aurrez aurre jo du merkantzien trena. Kolpe bortitzaren ondorioz, lehenengoaren hiru bagoi errailetatik atera dira eta su hartu dute

"Lehen bi bagoiak ez dira existitzen", azaldu dio Kostas Agrastos Tesalia eskualdeko gobernadoreak ERT kateari. Aurreratu duenez, zaurituen artean erredurak eta mutilazioak dituzten pertsona ugari daude. 

Bestalde, Giorgos Manoli Tempeko alkatearen arabera, hiru bagoi horietan 1.200-1.500 ºC-ko tenperaturak izan dira. 

Anbulantziak, 40 bat, berehala bertaratu dira, eta zaurituak artatu dituzte. Larrien zeudenak Larisako Unibertsitate Ospitalera eta Kateriniko erietxera eraman dituzte. 50 bat zauritu ospitaleratu dituzte. 

Istripua gertatu den unean Larisako tren geltokiko arduraduna, Hellenic Train tren konpainiako ordezkaria eta funtzionario bat Larisako polizia etxera eraman dituzte, galdekatzeko. 

Suhiltzaileez gain, poliziak eta soldaduak joan dira istripuaren tokira, erreskate lanetan jarduteko.

Bideoak (2)