Gertakaria
AEBko drone bat Itsaso Beltzean erori da Errusiako ehiza-hegazkinek atzeman ondoren
Agentziak | EITB Media
Errusiako bi hegazkinek "segurtasun eta profesionaltasun gutxiko" maniobra egin dutela salatu du Washingtonek. Errusiako Defentsa Ministerioak, ostera, ukatu egin du SU-27 eta dronearen arteko kontaktua.
Errusiako Aire Armadaren SU-27 ehiza-hegazkin batek Ameriketako Estatu Batuetako tripulaziorik gabeko aireko ibilgailu batekin talka egin du gaur Itsaso Beltzean, AEBko Indar Armatuen arabera. NATOk gertakariaren berri eman die aliatuei.
Europako indar estatubatuarren aginteak ohar batean baieztatu du gertakaria, goizeko lehen orduan. Errusiako ehiza-hegazkin batek dronearen helizeetako bat jo du, eta AEBko agintariek itsasoan botatzea erabaki dute.
"Gure MQ-9 aireontzia ohiko operazioak egiten ari zen nazioarteko aire-espazioan, hegazkin errusiar batek kolpatu duenean, eta, ondorioz, MQ-9 erabat suntsitu da", azaldu du James B. Hecker komandanteak, eta ohartarazi du "ia" bete-betean talka egin dutela.
Heckerrek "modu profesional eta seguruan" jokatzeko eskatu die Errusiako indarrei, AEBk eta bere aliatuek "nazioarteko aire-espazioan lanean jarraituko duten heinean".
Ildo horretan, Washingtonek Errusiako pilotuek egindako "maniobra arriskutsuak" salatu ditu, Ukrainaren inguruan tentsioak areagotu diren unean.
Pentagonoko bozeramaileak, Pat Ryder brigadako jeneralak, zehaztu du bi ehiza-hegazkinek MQ-9tik gertu egin dutela hegan, ordu erdi eta 40 minutu bitartean, eta berretsi du horrelako operazioak ohikoak diren arren, ez dela normala pilotu errusiarren jokabidea.
SU-27 ehiza-hegazkina. Argazkia: Wikimedia Commons
Errusiak kontaktua ukatu du
Errusiako Defentsa Ministerioak, ostera, ukatu egin du SU-27 eta dronearen arteko kontaktua. "Bat-bateko maniobra baten ondorioz, MQ-9 tripulatzailerik gabeko aparatua kontrolik gabeko hegaldi batean sartu da, altuera galduta, eta uraren kontra talka egin du", adierazi du Errusiako Armadak ohar batean.
Ohar ofizialaren arabera, "Errusiako ehiza-hegazkinen armamentua ez da erabili", eta SU-27 hegazkinak "ez dira aparatuarekin harremanetan jarri eta onik itzuli dira euren aerodromora".
Radar errusiarrek dron estatubatuarra antzeman dute Ukrainako Krimea penintsulatik gertu. Gainera, ziurtatzen du MQ-9 droneak Errusiak behin-behinean erabilitako aire espazioa urratu duela.
Hori dela eta, Errusiak ehiza-hegazkinak bidali behar izan ditu arau-hauslea identifikatzeko.
Anatoly Antonov Errusiak Washingtonen duen enbaxadoreak "probokaziotzat" jo ditu drone estatubatuarraren maniobrak. "Hau benetako probokazioa dela uste dut. Horrek ekintza batzuk egitera bultzatu gintuen, ondoren norbaitek Errusiari edo Errusiako Armadari genion profesionaltasun falta egotzi ahal izateko", adierazi du, TASS albiste-agentziak jaso duenez.
MQ-9 edo Predator B. Argazkia: EFE
Armatuta joan daitekeen dronea, baina zaintzarako diseinatuta
MQ-9 armatuta joan daiteke, baina ez dute jakinarazi zer misio mota egiten ari zen. Reaper MQ-9 droneak borrokan sartzeko gaitasuna du, baina zaintza lan luzeetarako diseinatu zen.
Predator B izenaz ere ezaguna, hegazkin baten itxura du, gehienez orduko 480 kilometroko abiadura har dezake, hamaika metro neurtzen ditu eta 2.200 kilogramo pisatzen ditu, Ameriketako Estatu Batuetako Aire Armadaren webgunean jasota dagoenez.
2007an merkaturatu zuten, eta borrokan sartzeko gaitasuna zuen lehen droneetako bat bihurtu zen. Gainera, denbora luzez eta altuera handian zaintza lanak egin ditzake.
Gaur egun, 30 orduz hegan egiteko gaitasuna du zaintza lanak egiten dituenean. Hala ere, armaz kargatuta dagoenean, denbora hori 23 ordura murrizten da, horrek erregaiaren kontsumoa handitzen duelako.
AGM-114 Hellfire lurreko zortzi misil eraman ahal izateko diseinatuta dago, borroka-gurdiak, hegazkinak eta helikopteroak suntsitzeko.