Itxi

Finantza sistema

AEBko 11 banketxek First Republic Bank erreskatatu dute 30.000 milioiko injekzioa eginda

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Finantza erakundeok, tartean AEBko lau handienek (Bank of America, Citigroup, JPMorgan Chase eta Wells Fargo), likidezia izateko funtsak eman dizkiote.

First Republic banketxeak New Yorken duen bulegoetako bat. Argazkia: EFE

AEBko 11 banketxek, tartean lau handienek (Bank of America, Citigroup, JPMorgan Chase eta Wells Fargo), 30.000 milioi dolarreko (28.180 milioi euro) injekzioa egin diote First Republic Bank entitateari likidezia emateko eta porrota saihesteko. 

AEBko lau banketxe handienek ohar bidez azaldu dutenez, erreskatea "herrialdearen banku sisteman duten konfiantzaren seinale da, eta First Republic bankuari behar duen likidezia ematen dio bezeroei zerbitzua ematen jarrai dezan". 

First Republic banketxearen gordailuak atera berritan, S&P Global Ratings eta Fitch kalifikazio agentziek "zabor bonotzat" jo zituzten, eta horrek kinka larrian jarri zuen. Horren aurrean, erreskatea burutzea ebatzi zuen atzo AEBko banka handiak. Silicon Valley Bank (SVB) eta Signature Bank entitateen porrotaren ondotik, ziurgabetasuna da nagusi AEBko finantza sisteman, eta giroa lasaitzeko keinu gisa ulertu behar da erreskatea. 

AEBko burtsek ondo hartu zuten likidezia injekzioa, eta berdean zarratu zuten atzo. Dow Jones adierazleak % 1,17 egin zuen gora, eta S&P 500ek % 1,76. First Republicen akzioak ere % 10 igo ziren.