Estatu Batuak
Trumpek uste du astearte honetan atxilotuko dutela, eta protestarako deia egin du
Agentziak | EITB Media
AEBko presidente ohiak balizko atxiloketa bat aurreikusi du, porno izar bati presidentegai zenean ustez dirua ordaintzeagatik.
Donald Trump AEBko presidente ohi errepublikanoak (2017-2021) larunbat honetan adierazi duenez, asteartean atxilotuko dute ustez Stormy Daniels porno izarrari dirua ordaindu izanagatik izaten ari den ikerketa baten testuinguruan, eta herritarrak protesta egitera deitu ditu.
"Protesta ezazue, berreskuratu gure nazioa", adierazi du Truth Social sare sozialean, atxiloketa horren arrazoia zehaztu gabe.
Kapitolioa hartzeko saiakeraren aurreko egunetan, 2021eko urtarrilean, erabilitako erretorikaren gisakoa darabil Trumpek bere mezuan, Joe Bidenek irabazi zituen hauteskundeen emaitzen aurka ateratzeko deia egin zienean bere aldekoei.
Manhattango ikerketa ia 5 urtez luzatu da, eta Stormy Danielsi egindako 130.000 dolarreko ustezko ordainketa bat du oinarri, 2016ko Etxe Zurirako hauteskunde kanpainaren garaian, haren isiltasunaren truke.
Orduko presidentegaiarekin izandako ustezko sexu harreman bat publiko egitea saihestea omen zuen helburu ordainketa sekretuak.
Kevin McCarthy errepublikanoak, AEBko Behe Ganberako buruak, agintari ohiaren aurkako balizko ekintza "muturreko fiskal baten botere gehiegikeria lotsagarria" dela salatu du.
Here we go again — an outrageous abuse of power by a radical DA who lets violent criminals walk as he pursues political vengeance against President Trump.
— Kevin McCarthy (@SpeakerMcCarthy) March 18, 2023
I’m directing relevant committees to immediately investigate if federal funds are being used to subvert our democracy by… https://t.co/elpbh7LeWn