Itxi

Ziurgabetasuna merkatuetan

Hasi da Erreserba Federalaren bilera, interes tasak berriro igotzeko aukera mahai gainean dagoela

EITB Media

Leer en Castellano

Datozen hilabeteetako politika zehaztuko du Jerome Powell buru duen erakundeak gaur-biharretan. Adituen arabera, % 0,25 igoko ditu tasak, merkatuen nahastea gorabehera.

Powell, artxiboko argazki batean. EFE

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalaren (Fed, ingelesez) Merkatu Irekiko Batzordeak (FMOC) bilera du gaur eta bihar, datozen hilabeteetarako politika ebatzi eta interes tasak berriro igotzeko aukera aztertzeko. Inflazio altuari eta azken asteotan merkatuetan sortutako ziurgabetasunari erantzun beharko dio Jerome Powellek gidatzen duen erakundeak. 

Silicon Valley Banken (SVB) porrota tarteko, esku hartu behar izan zuten AEBko erakundeek. SVB eta Signature Bank banketxeen hondamendiak izua eragin zuen AEBko merkatuetan, baita Europakoetan ere. Kontinente zaharrean, Credit Suisseren gainbehera eta UBSren ondorengo xurgatzea izan dira protagonista. 

SVBren krisia lehertu zenean, analistek uste zuten Erreserba Federalak balazta zapalduko zuela, eta tasak igo gabe, merkatuei lasaitua emango ziela. Duela astebete, Goldman Sachsek aurreikusi zuen ez zela igoerarik egongo. Egunek aurrera egin ahala, ordea, jarrera aldatzen joan dira ekonomialariak.

Hala, Financial Times egunkariak jasotako iritzien artean, gehiengo batek uste du tasak % 0,25 igoaraziko dituztela. 

Powellek bihar, asteazkenarekin, jakinaraziko du erabakia. Igotzekotan, urteko bederatzigarrena gorakada litzateke. Azkena otsailean egin zuen Fedek (% 0,25), interes tasak % 4,4-4,75 bitartean utzita, hots, 2007tik izandako mailarik altuenean.

Albisteak (1)