Itxi

Vatikanoa

Frantzisko aita santua Erromako Gemelli ospitalean dago

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hasiera batean, Vatikanoko prentsa-bulegoak programatutako kontrol batzuen berri eman du; baina ordu batzuk geroago onartu egin du aita santuak arnas infekzioa duela eta "ospitaleko tratamendu mediko egokia" behar duela.

Erromako Gemelli ospitalea. Argazkia: EFE

Frantzisko aita santua Erromako Gemelli ospitalean dago arnas infekzioa duelako. Hasiera batean, Vatikanoko prentsa-bulegoak programatutako kontrol batzuen berri eman du; baina Italiako komunikabideek argitaratu dutenez, goizeko azken orduan "arnasa hartzeko zailtasunak" izan ditu, eta anbulantzian eraman dute probak egitera.

Mezu labur batean, Vatikanoak soilik jakinarazi du aita santua ospitalean zegoela "aurretik programatutako kontroletarako", baina ez du beste arrazoirik aipatu.

Corriere della Sera egunkariak azaldu duenez, "bihotzeko arazoak eta arnasa hartzeko zailtasunak" izango lirateke, baina oraingoz egoera "ez da kezkagarria".

Asteazkenetako audientzia tradizionalaren ostean, aita santuak arnasa hartzeko zailtasun handia izan du, Vatikanoko medikuek diagnostikatua, Il Messaggero egunkariaren arabera.

Ordu batzuk geroago, Vatikanoko prentsa bulegoak onartu egin du aita santuak arnas infekzioa duela eta datozen egunetan "ospitaleko tratamendu mediko egokia" behar duela. "Azken egunotan, Frantzisko aita santuak arnasa hartzeko zailtasunak izan ditu, eta gaur arratsaldean A. Gemelli poliklinikora joan da kontrol mediko batzuk egitera", gaineratu du oharrak.

Oraingoz, badirudi aita santuaren hurrengo bi egunetako agenda bertan behera geratu dela.