Itxi

Errusia-AEBak

Bi hilabeteko behin behineko espetxeratzea ezarri diote Evan Gershkovich kazetariari

Agentziak | EITB Media

The Wall Street Journal egunkariko kazetaria Errusian atxilotu dute, AEBetako gobernuarentzat espioitza lanak egitea leporatuta.

Evan Gershkovich (Argazkia: https://www.evangershkovich.com/)

Moskuko epaitegi batek bi hilabeteko behin behineko espetxeratze agindua ezarri du Evan Gershkovich The Wall Street Journal egunkariarentzat lanean aritzen den kazetari estatubatuarrarentzat. Errusian atxilotu dute espioitza ekintzak egitea egotzita eta, agindu honen arabera, espetxean egongo da maiatzaren 29a arte.

TASS albiste-agentziak kontsultatu dituen Errusiako Segurtasunerako Zerbitzu Federaleko (FSB) iturrien arabera, kazetariak ez erruduntzat jo du bere burua epailearen aurrean. Horrez gainera, Gerskovich kasua isilpeko gisa klasifikatu dutela jakinarazi dute "informazio esanguratsu ugari" baitu bere baitan.

FSBk jakinarazi duenz, Jekaterinburg hirian, Errusiako erdi-mendebaldean, atxilotu dute Evan Gershkovich kazetaria. "Estatu Batuetako Gobernuaren aginduetara, Errusiako sarearen barruan daudean enpresa militar eta industrialen informazioa biltzen" ari zela atxilotu dutela esan dute. Hainbat iturriren arabera, Wagner taldearen inguruko informazioa biltzen ari zen Gershkovich. Taldearen jabea Yevgeni Prigozhin oligarka da, Vladimir Putin presidentearen gertukoa, eta Ukrainako gerrara hainbat mertzenario bidali ditu.

Epaileek erruduntzat hartzen badute, 20 urte arteko gartzela-zigorra jaso dezake. 

Dmtri Peskovek, Kremlineko bozeramaileak, FSBko kideek kazetaria "ezustean harrapatu" dutela baieztatu du. Errusiako Atzerriko ministro Mariya Zaharovak, berriz, kazetariak "Jekaterinburgen egiten zuenak ez zuen zerikusirik kazetaritzarekin" esan du bere Telegrameko kanalean.

The Wall Street Journal egunkariak Moskuko korrespontsalaren aurkako akusazioak ukatu ditu eta bere askatasuna eskatu du. 

Gershkovichek idatzitako azken artikulua martxoaren 28koa da. Orduan, Errusiako ekonomiari buruz aritu zen eta goitik behera datorrela aipatu zuen. Aurretik, AFP Frantziako albiste-agentzian eta The Moscow Times egunkarian lan egindakoa da. Horrez gainera, hainbat artikulu argitaratu dizkiote The New York Times, The Economist, MIT Technology Review, Foreign Policy eta Politico Europe argitalpenetan bere webgune propioan azaltzen duenez.