Itxi

WikiLeaks

Julian Assangeren estradizioak "kazetaritzaren etorkizuna" mehatxatzen du, haren emaztearen arabera

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Stella Assange abokatuaren arabera, bere senarrak 175 urteko kartzela-zigorrari aurre egin diezaioke, AEBko Armadak egindako "gerra krimenak, zibilak hiltzea barne, zehatz-mehatz azaltzeagatik".

Julian Assangeren aldeko elkarretaratze bat. Artxiboko argazkia: EFE

Stella Assange abokatuak, Julian Assangeren emazteak, Bruselan ohartarazi duenez, "kazetaritzaren etorkizuna jokoan dago" Wikileaksen sortzailea Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzen badute, espioitza eta intrusio informatikoa egotzita.

"Hori aurrera eramaten uzten bada, gure eskubide demokratikoak desagertuko dira. Demokraziaren, Zuzenbide Estatuaren eta prentsa askatasunaren erabateko kolapsorako bidea da", adierazi du Stella Assangek, Bruselako Millenium zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdiaren harira emandako prentsaurrekoan.

"Demokraziaren, Zuzenbide Estatuaren eta prentsa askatasunaren erabateko kolapsorako bidea da"

Lehiaketa horretan, Ben Lawrencek zuzendutako 'Ithaka' (2021) dokumentala proiektatzen da, Assangeren familiaren bizipenak erakusten dituena, batez ere bere emazte eta aitarenak, australiarraren estradizioa saihesteko bultzatzen duten kanpainan.

Stella Assangek esan duenez, film honen bidez, publikoak WikiLeaksen sortzailearen egoeraren "ezagutza zehatza" izatea nahi dute, "eskaini zaienaz bestelako ikuspegi batetik".

Assange 2019tik dago preso Erresuma Batuko segurtasun handiko kartzela batean, Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzeko zain. Espioitza eta intrusio informatikoko 17 delitu leporatzen dizkiote, besteak beste, Guantanamoko itsas baseari edo Afganistango eta Irakeko gerrei buruzko dokumentu sekretuak zabaltzeagatik.

Stella Assangeren arabera, bere senarrak 175 urteko kartzela-zigorrari aurre egin diezaioke AEBetan, hango Armadak egindako "gerra krimenak, zibilak hiltzea barne, zehatz-mehatz azaltzeagatik".

"Isilarazten ari dira, haren ahotsa espetxean itzaltzen ari dira"

"Isilarazten ari dira, haren ahotsa espetxean itzaltzen ari dira, gerra industriaren kritikari lotutako intelektual publiko ezagunenetako bat izango baita ziurrenik", baieztatu du Stella emazteak.

"AEBk eredu berri bat sortu du, munduko edozein bazterretan edozein kazetariren jazarri ahal izateko. Herrialde batek orain esan lezake 'ez zait gustatzen guri buruz argitaratzen duzuna, berdin zait belgikarra bazara Belgikan, askatasun lege belgikarrak ez zaizkizu aplikatzen eta estraditatu egingo zaitut'", salatu du.

2022ko azaroan, WikiLeaks plataformaren alde egin zuten hedabideek, besteak beste, The New York Times, Le Monde, El Pais, Der Spiegel eta The Guardian egunkariek, gutun bidez eskatu zioten AEBko Gobernuari Assangeren aurkako prozesua bertan behera uzteko, haien ustez, prentsa-askatasunerako mehatxua zelako.

Era berean, Amnistia Internazionala (AI) eta Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeek Assangeren aurkako kargu guztiak kentzea eskatu dute, baina AIk WikiLeaksen sortzailea "kontzientzia preso" gisa katalogatu ez izana deitoratu du haren emazteak prentsaurrekoan.