Itxi

Italia

Silvio Berlusconi hil da

M. D. | EITB Media

Leer en Castellano

Italiako lehen ministro ohia 86 urterekin hil da, Milango ospitale batean. Ostiralean eraman zuten San Raffaele erietxera, eta bertan zendu da, aspalditik pairatzen zuen leuzemia tarteko. Bihar, asteartea, hil-kapera publikoa irekiko dute, eta asteazkenean estatu hileta egingo dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia 86 urterekin hil da gaur, astelehenarekin, Milango San Raffaele ospitalean, Italiako komunikabideek jakinarazi dutenez.

Politikari eta enpresaburua aspalditik zegoen gaixo, leuzemia mielomonozitiko kronikoa baitzuen. Ostiralean eraman zuten erietxera, azkenekoz senda agiria jaso eta hiru astera (44 egun eman zituen pulmoniak jota). Azken hilabeteotan, maiz egon da ospitaleratuta Italiako politikaria, eta asteburuan okerrera egin du haren osasun egoerak. 

AdnKronos agentziak jakinarazi duenez, goizean hainbat senitarteko, bost seme-alabak eta Paolo anaia tartean, San Raffaele ospitalera joan dira, eta bisita horiek heriotzaren aukera hauspotu dute —ofizialki, ez dute konfirmatu—. Azken egunetan, Italiako politikagintzako hainbat ordezkari joan zaizkio bisitan, batez ere bere gobernukideak. Georgia Meloni bera ere bertan egon omen da. 

Ostiralean "programatutako kontrolak" egiteko ingresatu zutela adierazi zuten bere medikuek, eta "alarmarik" ez zegoela berretsi.

Hil-kapera publikoa bihar, asteartea, irekiko da. Ez da bere telebista Mediaseten Milango egoitzan izango, aurreikusi bezala, "ordena publikoko arazoak" direla eta.

Estatu hileta asteazkenean izango da, 15:00etan, Milango katedralean, Sergio Mattarella Errepublikako presidentea buru. Politikako, ekonomiako eta gizarteko pertsonaia publikoak izango dira bertan.

Erreakzioak Italian eta Italiatik kanpo

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak Berlusconi "Italiako historian eragin handiena izan duten gizonen" artean dagoela aldarrikatu du. "Berlusconi, batez ere, borrokalaria zen, inoiz bere usteak defendatzeko beldurrik izan ez zuen gizona, adorez eta erabakitasunez", ziurtatu du Italiako Gobernuko aliatuak.

Matteo Salvini Ligako liderrak esan du "gizon handi bat eta italiar handi bat" hil dela. Enrico Letta Alderdi Demokratikoko buruak adierazi duenez, bere heriotzak herrialde osoari eragiten dio, "historia egin zuelako", eta Giuseppe Conte 5 Izar Mugimenduko presidenteak ere aintzat hartu du. Bere aurkarien arabera ere, "inoiz ez zaio kemena, grina eta tinkotasuna falta izan".

Matteo Renzi lehen ministro ohiak adierazi duenez, era guztietako sentimenduak sortu zituen —"askok maitatu zuten, askok gorrotatu zuten"—, baina, iritzi politikoak alde batera utzita, "historia" egin zuela azpimarratu du. Beste lehen ministro ohi batek, Romano Prodik, Italian "eragin handia" izan duen konpromiso publiko "luze eta bizia" izan zuela nabarmendu du.

Frantzisko aita santuak politika nazionalaren "protagonista" izateagatik eta "izaera kementsuagatik" gogoratu du. Telegrama batean, "gertutasuna" helarazi dio familiari, "Italiako bizitza politikoko protagonista baten galeragatik".

Europar Batasunean, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak zentro-eskuinaren buru izan zen "borrokalari" gisa gogoratu du Berlusconi. "Arrastoa utzi du eta ez da ahaztuko", ziurtatu du.

Nazioartean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak "pertsona bikaina" eta "benetako abertzalea" dela gogorarazi du, bere garaian Errusiaren eta Europako herrialdeen arteko harremanak hobetzen lagundu zuena. "Mundu mailako politikaria zen. Bera bezalako pertsona asko ez dira geratzen nazioartean", esan du.

Politikagintzan, azken unera arte

Gaixo egon arren, politikagintzan jarduten zuen Berlusconik. 2022ko hauteskundeetan senatari aukeratu zuten. Hain justu, Meloniren gobernua babestu zuen Forza Italiak, bere alderdiak. 

Ospitalean zela, Tik Tok sare sozialerako bi bideo ere egin zituen. Lehenengoan, udal hauteskundeetan parte hartzeko deia egiten zuen; bigarrenean, Forza Italia bere alderdiaren batzarrerako prestatutakoan, "borrokara itzultzeko prest" zegoela esaten zuen. 

Hainbat auzi zituen irekita epaitegietan, eta zenbait aldiz inputatu dute ustelkeria eta botere gehiegikeria egotzita. Denetan absolbitu egin dute edo auzia preskribatuta geratu da. 

Silvio Berlusconi hiru aldiz izan zen Italiako lehen ministro (1994tik 2011ra, hiru une ezberdinetan), baina bere botere itzelak ez zituen soilik sustrai politikoak. Il Cavaliere, 2014ra arte ezagutu zen bezala, enpresa eta hedabide inperio baten jabea izan zen.

Milanen jaioa 1936ko irailaren 29an, Italiako politikagintzako pertsonaia nagusia bihurtu zen, bere "populismo antidemokratikoari" (Paul Ginsborg historialariaren hitzetan) eta gizartearen zati handi baten babesari esker. Mediaset sortu eta zuzendu zuen; tartean, bere adar espainiarra, Telecinco, kontrolatzen duen hedabide multzoa, Gainera, bi futbol talderen jabe izan zen: AC Milan eta Monza.

Agian zure interesekoa da: Silvio Berlusconiren profila

Bideoak (1)