Itxi

Frantzia erretretak

Bornek gauzak "ez behartzearen" alde egin du, eta beharrezkotzat jo du "sendatze epe bat errespetatzea"

EITB Media

Leer en Castellano

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa Macron presidenteak pentsioen erreformaren inguruan darabilen tonu irmotik aldendu da. Bitartean, sindikatuek erreformaren aurka mobilizatzeko deia egiten jarraitzen dute.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa. Argazkia: EFE.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa erretreten erreforma modu sosegatuan egitearen alde agertu da, denborak errespetatuz eta gauzak "behartu gabe". Hala azaldu du ostiral honetan Le Monde egunkariak argitaratu duen elkarrizketan. Bere hitzetatik sumatzen da Emmanuel Macron presidenteak darabilen tonutik aldentzen dela, hura askoz ere irmoago mintzo baita pentsioen erreformaren inguruan. 

Bornek agerian utzi du sindikatuei eskua luzatzeko eta, oro har, egoera lasaitzen saiatzeko asmoa duela, sindikatuei urtarrilean protestak hasi zirenetik eskatzen dutenari men egin gabe halere, hau da, pentsioen erreforma bertan behera uztea.

Lehen ministroak azpimarratu duenez, erreforma aurrera ateratzen bada elkarrizketa berrezartzeko une egokia bilatu behar da,"sindikatuek ez dute sekuentzia honetatik umiliatuta atera behar", "sendatze epe bat errespetatu" behar da eta "gauzak ez behartzeko kontu handiz ibili behar" dute, "herrialdeak behar duena lasaitzea delako".

Borneren arabera, Parlamentuan legeak bozkatzeko babesa emango dieten aliatu politikoak bilatu aurretik, Gobernuari norabide bat ematea izan beharko litzateke lehentasuna eta gatazka sorraraz dezaketen gaiak baztertu. Bere asmoa, besteak beste, enplegua, lan-baldintzak, hezkuntza eta osasunari heltzea da, klase ertainen pobretzea bezalako arazoei aurre egiteko.

Le Monde-ren arabera, lehen ministroa Macron Txinatik itzultzeko zain dago hark honetaz guztiak zer pentsatzen duen ikusteko. Aldi berean, Eliseoa egoera ezberdinak aztertzen ari dela zehaztu du, lehen ministroa aldatzea bera barne. Borneren ustez, aukera hori ez da egokia orain kalean dagoen tentsio sozialeko giroarekin: "ez da bolante-kolpeak emateko unea". 

Macronek, bere aldetik, erabat legitimatutzat jotzen du bere burua erreformari ekiteko, eta azpimarratu izan du hautatua izan zen hauteskunde-programak barne hartzen zituela pentsioen erreforma eta erretiro-adinaren atzerapena. Hori horrela, Txinara egindako bidaian, irmo erantzun die agintariak sindikatuei, bereziki, Laurent Berger herrialdeko lehen sindikatuko buruari.

Horri buruz galdetuta, Bergerrek ostiral honetan BFMTV telebista kateari egindako elkarrizketa batean aitortu du Borneren tonua beti izan dela errespetuzkoa eta zintzoa, dioenez, Macronek erakusten duenaren oso bestelakoa: "ez da suari gasolina botatzea".

Baina batak eta besteak erabiltzen duten tonuaren kontua alde batera utzita, Frantziako Lanaren Konfederazio Demokratikoko (CFDT) idazkari nagusiak nabarmendu du "azkenean garrantzitsuena erreforma hori aplikatuko den ala ez" zehaztea dela, kalean eta iritzi publikoan oposizioa "ez delako mugitu" eta oraindik ere gehiengoa delako.

Ostegun honetako mobilizazio nazionalean, hamaikagarrenean, ehunka mila pertsona kalera atera dira herrialde osoan zehar antolatutako manifestazioetan. Horren hondarrean sindikatuek dagoeneko iragarri dute izango dela hamabigarren mobilizazio eguna ere, ostegunean, hilak 13.

Egun seinalatua izango da, izan ere, hurrengo egunean, 14an emango du Konstituzio Kontseiluak bere irizpena pentsioen legea baliozkotzen duen ala ez erabakitzeko. Lege horren ardatz nagusia eta polemikoena erretirorako gutxieneko adina 62 urtetik (gaur egun dagoena) 64 urtera atzeratzea da.

Albisteak (2)