Itxi

Ugalketa eskubideak

Texaseko epaile batek abortatzeko pilula debekatu du AEB osoan

AGENtziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bidenen Gobernuak 7 eguneko epea du ebazpenaren aurkako helegitea sartzeko. Kamala Harrisek salatu duenez, "Sendagaien Agentziari zer egin behar duen esateko politikari batzuk egindako ahalegina" da.

Abortatzeko eskubidearen aldeko protestak AEBetan, 2022an. Argazkia: Efe

Texaseko epaile federal batek ebazpen bat kaleratu zuen pasa den ostiralean mifespristona sendagaiaren preskripzioa eta banaketa galarazteko. Abortatzeko bi sendagaietako bat da hori, eta Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) banatu du AEBetan azken bi hamarkadetan.

Matthew Kacsmaryk barrutiko auzitegiko epiealk, Trump presidente ohiak izendatuak, astebeteko epea eman dio Gobernuari helegitea aurkezteko, ebazpena indarrean sartu aurretik.

FDAren aurkako salaketa mediku eta abortuaren aurkako elkarte batzuk aurkeztu zuten, eta argudiatzen dute sendagaia ez dela segurua eta FDAk ez zuela behar den bezala aztertu 2002an oniritzia eman aurretik.

Beste epaile federal batek, Thomas Owen Rice Washington estatukoak, beste ebazpen bat kaleratu du ordu batzuk geroago sendagaia gutxienez 12 estatutan erabili ahal izateko: "Ez da auzitegiaren zeregina ebidentzia zientifikoa berrikustea eta mifepristonaren onurak kalteak baino gehiago diren ala ez esatea. Horixe da, hain zuzen ere, FDAren egitekoa". Estatu hauetan erabili ahal izango litzateke: Washington, Oregon, Arizona, Colorado, Connecticut, Delaware, Illinois, New Mexico, Rhode Island, Vermont, Hawaii, Maine, Maryland eta Minnesota.

Kamala Harris presidenteordeak, Bidenen Gobernuan ugalketa eskubideen gaia gidatu duenak, adierazi du ebazpena "aurrekari arriskutsua" dela. "Politika publiko egokiaren aurka doa epaitegiei eta politikariei FDAk zer egin dezakeen esaten uztea", adierazi du Harrisek.

Planned Parenthood AEBko ugalketa zerbitzu sare handiena ere ebazpenaren aurka agertu da, "aurrekaririk ez duen eta guztiz kaltegarria den neurria" delakoan.

Guttmacher Institutuaren datuen arabera, sendagai bidez egindako abortuak kopuru absolutuaren % 54 izan ziren 2022an AEBetan.

 

Albisteak (3)

Bideoak (3)