Itxi

ESA

JUICE misioaren Ariane 5 kohetea gaur abiatuko da Jupiter eta haren hiru satelite esploratzeko

Agentziak | EITB Media

Zortzi urteko bidaia baten ondoren, JUICEk (Jupiter Icy Moons Explorer) gas-planeta erraldoiaren eta bere hiru ilargi ozeaniko handien (Ganimedes, Kalisto eta Europa) behaketa zehatzak egingo ditu.

ESAko kontrol zentroa, Alemanian. Argazkia: EFE/ESA/J. Mai

Europako Espazio Agentziak (ESA) JUICE misioa Jupiterren sistemara jaurtitzeko prest du. Jaurtiketa gaurko dago programatuta, aurreikuspenak betetzen badira, eta Ariane 5 kohete batean abiatuko dute. Helburua Jupiter planeta eta haren hiru satelite esploratzea da.

Espazio-ontzia, kamioneta baten tamainakoa, kohetearen barruan mihiztatuta geratu zen apirilaren 1etik 3ra bitartean, Guyana Frantseseko Kourou Europako espazio-portutik aireratzeko zain.

Zortzi urteko bidaia baten ondoren, JUICEk (Jupiter Icy Moons Explorer) gas-planeta erraldoiaren eta bere hiru ilargi ozeaniko handien (Ganimedes, Kalisto eta Europa) behaketa zehatzak egingo ditu.

Misioak ilargi horiek objektu planetario eta habitat posible gisa bereiziko ditu, Jupiterren ingurune konplexua sakon arakatuko du eta Jupiterren sistemarik zabalena aztertuko du, unibertso osoko erraldoi gaseosoen arketipo gisa.

JUICE hainbat arrazoirengatik izango da primizia. Zunda batek lehen aldiz grabitatuko du gure ilargia ez den ilargi baten inguruan, Ganimedes Jupiterren sateliterik handienaren inguruan egingo baitu. Planeta horretara egingo duen bidean, erregaia aurrezteko Lurretik Ilargira grabitazio-laguntzako maniobra bat ikusiko dugu lehen aldiz, ESAk jakinarazi duenez.

Senerrek espazio-zundaren mastarekin parte hartzen du

Sener euskal ingeniaritzaren arlo aeroespazialak misioan lagundu du 10,6 metroko luzera duen masta bat diseinatuz eta fabrikatuz espazio-zundarentzat.

Senerrek magnetometroaren masta (boom) garatu, fabrikatu eta hornitzeko ESAren kontratua irabazi zuen. Horren helburua da esperimentu zientifikoetarako behar diren tresnen zati bat ontziaren interferentzia magnetikoetatik urruntzea, konpainiak ohar batean emandako azalpenen arabera.

Antenaren osagaiak, Gipuzkoan eginak

Era berean, Goimek Gipuzkoako doitasun handiko mekanizazioen kooperatibak Sener enpresarekin lan egin du espazio-ontziaren antenaren osagai bat fabrikatzeko.

Goimek kide duen Danobatgroup taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, antena erabiliko dute ontziaren eta Lurraren arteko noranzko biko komunikazioa lortzeko eta zunda daraman irrati-maiztasuneko esperimentuaren funtzionamendua bermatzeko.