Itxi

Goi-bilera Japonian

G7ak ikatza baztertzeko prozesua bizkortzea adostu du, baina energia nuklearra babestea egotzi dio Alemaniak

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

G7ko herrialdeek egindako itunean agertzen denez, "energia nuklearraren aldeko apustua egiten duten herrialdeek karbono gutxi eraginez energia sortzeko duen gaitasuna nabarmentzen dute".

Annalena Barbock Alemaniako Atzerri ministroa. Argazkia: Efe

G7ko Energia eta Ingurugiro ministroak ikatzaren eta bestelako erregai fosilen erabilera baztertzeko prozesua bizkortzeko konpromisoa berretsi dute, baina ez dute epe zehatz berririk jarri, estatuetako batzuen nahiaren aurka, eta Alemaniak gogor kritikatu du herrialde batzuk energia nuklearraren alde agertzea Berlinek herrialdeko zentral guztiak itxi berri dituenean.

"Gure konpromisoa berresten dugu, mundu mailako esfortzuaren testuinguruan, 2050erako energia sortzeko sistemen isuri garbia zero izan dadin", jaso dute ministroek Sapporon (Japonia) sinatu duten agirian.

Dokumentuak ez du 2050eko epemuga baino lehenagoko datarik aipatzen, G7ko kideetako batzuk hala nahi bazuten ere, izan ere, Japonia bera da horri galga jarri dionetako bat, ikatzaren eta gas eta petrolio inportazioen mendekoa baita bere energia eredua.

Ministroek energia hornidurarako iturriak dibertsifikatzea eta "energia garbiak, seguruak, iraunkorrak eta eskuragarriak" garatzea proposatu dute, 2050era begira hartutako konpromisoaren harira.

Hala ere, "energia segurtasuna, eskuragarritasuna eta erresistentzia" ere aipatzen ditu akordioak, "pobrezia energetikoa"rekin eta eremu zaurgarrietako "langileak, eskualdeak eta komunitateak laguntzea"rekin batera.

Hori industrializatzeko bidean dauden herrialdeei egindako erreferentzia bat da, ikatzaren oso mendeko diren eta garapen bidean dauden Asiako herrialdeei egina bereziki.

Energia nuklearrari emandako babesa kritikatu du Alemaniak

Bestalde, Alemaniako Gobernuak, atzo martxan zituen zentral nuklear guztiak itzali ostean, gogor kritikatu du herrialde "bakoitzak bere erritmora" jokatzea, energia nuklearrarekiko mendekotasuna barne hartzen baitu horrek.

Steffi Lemke Alemaniako Ingurugiro ministroak esan du ez dela "sekretua G7ko herrialdeen artean iritzi desberdinak daudela energia nuklearraren inguruan".

Alemaniak martxan zituen azken hiru zentral nuklearrak itxi zituen ostiralean, Isar, Neckar 2 eta Emsland, baita mundu mailako energia krisiaren erdian egin ere.

G7ko herrialdeek egindako itunean agertzen denez, baina, "energia nuklearraren aldeko apustua egiten duten herrialdeek karbono gutxi eraginez energia sortzeko duen gaitasuna nabarmentzen dute, eta eskuragarri dela erregai fosilen mendekotasuna murrizteko, klima krisiari aurre egiteko eta mundu mailako energia segurtasuna bermatzeko".

Albisteak (1)