Itxi

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Foxek 787,5 milioi dolar ordainduko dizkio Dominion enpresari hauteskunde iruzurrari buruzko gezurrengatik

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Fox News AEBn gehien ikusten den kateak Donald Trumpek 2020ko hauteskundeetan egindako iruzur salaketak babestu zituen. Dominion enpresak hedabidea salatu zuen, eta, epaiketaren atarian, bi aldeek akordioa lortu dute.

Donald Trump AEBko presidente ohia, artxiboko irudi batean. EFE

Ameriketako Estatu Batuetako Fox telebista kateak 787,5 milioi dolar ordainduko dizkio Dominion Voting Systems enpresari, hauteskunde iruzurrari buruzko gezurrengatik. Botoak zenbatzeko makinak egiten dituen konpainiak "difamazioa" egotzita salatu zuen hedabidea, eta, epaiketaren atarian, bi aldeek akordioa lortu dute.

Kasuaren ardura duen Delaware estatuko auzitegiko epaileak eman du erabakiaren berri. Gaur, epaimahaia hautatu duten egunean, aldeen hasierako alegazioak entzutera zihoazenean eman dute akordioaren berri.

Kopuru hori Dominion enpresak hedabide kontserbadorearen aurkako salaketa jarri zuenean eskatutakoaren erdia baino zertxobait gutxiago da. Joe Biden demokrataren garaipenaren ostean, Donald Trumpek behin baino gehiagotan salatu zuen hauteskunde iruzurra, baina auzitegiek baztertu egin zuten froga faltagatik. Fox News kateak (AEBn gehien ikusten dena) Donald Trumpek 2020ko hauteskundeetan egindako iruzur salaketak babestu zituen eta aurkezleetako batzuek sinesgarritasuna eman zieten akusazioei.

Dominion enpresako abokatuaren esanetan, "egiak inporta du" eta "gezurrek ondorioak dituzte". Fox kateak zabaldutako oharraren arabera, "kazetaritza estandar altuenekin duen konpromisoa" erakusten du lorturiko akordioak.