Itxi

Kiev

Von der Leyenek zenbait neurri iragarri ditu Kieven, Errusiak zigorrei iskin egin ez diezaien

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bestalde, eskerrak eman dizkio, zuzenean, bere herrialdearentzat, munizio horniketarako, 1.000 milioi euroko laguntza onartzeagatik.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen. Argazkia: EFE

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek zenbait neurri iragarri ditu Kievera egindako bisitan, Errusiak eta haren aliatuek indarrean dauden zigorrei iskin egin ez diezaieten.

"Errusiak ihesbiderik ez izatea da helburua", esan du prentsaurrekoan, Zelenski alboan zuela. Europako Batzordeak gaur arte onartu duen hamaikagarren neurri sorta da aipatutakoa.

Besteak beste, Errusian ezingo dira sartu "teknologia aurreratua duten produktuak, ezta hegazkinentzako osagarriak ere", horien helmuga beste edozein dela ere. "Kremlinak ez ditu eskura izango", esan du.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bestalde, eskerrak eman dizkio, zuzenean, Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyeni, bere herrialdearentzat, munizio horniketarako, 1.000 milioi euroko laguntza onartzeagatik.

"Ursulari eskertu diot EBk Ukrainari laguntzeko erakutsitako jarrera, hainbeste behar dugun munizioa —artilleriarako milioi bat jaurtigai— lortzeko bidea ematen digulako", adierazi du Zelenskik prentsaurrekoan, Von der Leyen alboan zuela.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Kieven da, Europako Eguna ospatzen den egunean. "Bisita sinbolikoa" eta "oso praktikoa" da gaurkoa, Zelenskiri bidea urratu baitio, EBn sartzeko negoziazioak abiatu aurretik. Halaber, besteak beste, Errusiaren aurkako zigorrak "zorrotz" aplikatzea izan dute berbagai.

"Sinbolikoa da nire gaurko bisita, baina errealitate erabakigarri baten ikur ere bada: Europar Batasuna soinez soin ari da Ukrainarekin lanean, gai askotan", esan du Von der Leyenek Kievera eraman duen trenean.

Errusiaren inbasioa hasi zenetik, 2022ko otsailaren 24tik, Ukrainara egin duen bosgarren bisita da. 

Twitterren duen kontuan, Von der Leyenek esan du ona dela Kievera itzultzea; izan ere, "estimatzen ditugun balioak egunero defendatzen dira bertan". Hori horrela, iritzi dio leku egokia dela Europako Eguna ospatzeko.