Gerra Ukrainan
Errusiaren aurkako zigor sorta berri bat aztertzen ari dira G7ko herrialdeak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Munduko zazpi ekonomia nagusietako buruzagiek Errusiaren ahalmen ekonomikoa mugatu nahi dute, gerrarako baliatzen dituen armak eskuratzeko zailtasunak jarriz eta ezarritako zigorrak saihesteko baliatzen dituen balizko hutsune legalak zuzenduz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Munduko zazpi ekonomia nagusietako buruzagiak Errusiaren aurkako zigor sorta berri bat aztertzen ari dira, eta Hiroshiman (Japonia) egingo duten G7ko goi-bileraren baitan onartzea aurreikusten da.
Asteburu honetan, bertan izango dira Alemania, Frantzia, Kanada, AEB, Italia, Japonia eta Erresuma Batua ordezkatzen duten buruzagiak, Europar Batasunak bidaliko dituenekin batera, Ukrainako egoera aztertu eta Errusiaren aurkako balizko neurriei buruz hitz egiteko.
Horrela, lehen bileraren aurretik kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, AEBko funtzionario batek aitortu du munduko zazpi ekonomia nagusietako buruzagiek Errusiaren ahalmen ekonomikoa mugatu nahi dutela, gerrarako baliatzen dituen armak eskuratzeko zailtasunak jarriz.
Horrez gain, orain arte ezarritako zigorrak saihesteko Errusiak baliatzen dituen balizko hutsune legalak zuzendu nahi dituzte, herrialde horrek ekoizten duen energiarekiko nazioarteko mendekotasuna are gehiago murriztu eta Moskuri nazioarteko finantza-sistemarako sarbidea mugatu.
Zelenskik G7ko goi-bileran parte hartuko du
Testuinguru horretan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Japoniara joango da, G7aren goi-bileran parte hartzeko asmoz.
Oleksiy Danilov Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Nazionalerako Kontseiluko idazkariak azaldu duenez, "bilera horretan oso gauza garrantzitsuak erabakiko dira, eta, beraz, gure presidentea han izatea funtsezkoa da gure interesak babesteko eta gure herrialdean izaten ari diren gertaerei buruzko proposamen eta argudio argiak aurkezteko".