Itxi

Mobilizazioen 14. eguna

7.800 manifestariren aldarria entzun da Baionan, erretretaren erreformaren aurkako hamalaugarren protestan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Parisen protestak beranduago hasi dituzte, 14:00ak jota. Zertxobait lehenago, CGT sindikatuko kideek 2024ko Olinpiar Jokoetako Batzorde Antolatzailearen egoitza blokeatu dute.

Manifestazioa Baionan. ETBren bideo batetik hartutako irudia

Ia 8.000 lagun atera dira kalera gaur, asteartearekin, Baionan, Emmanuel Macron frantziar presidenteak bultzatutako erretretaren erreformaren aurka protesta egiteko. Gobernua presionatzeko asmoz Frantziar Estatuan egin duten hamalaugarren mobilizazio eguna da gaurkoa. 

Parisen protestak beranduago hasi dituzte, 14:00ak jota. Zertxobait lehenago, CGT sindikatuko kideek 2024ko Olinpiar Jokoetako Batzorde Antolatzailearen egoitza blokeatu dute.

Paris kanpoaldean dagoen eraikin horren barrualdera sartu dira hainbat pertsona, eta kanpoan geratu den taldeak aldarriz bete du ingurua, pankartak eta banderak lagun.

"Ez badago erretirorik, ez dago Olinpiar Jokorik" izan da manifestariek oihukatu duten leloetako bat.

Orain arte ere antzeko "bideak" aukeratu dituzte sindikalistek protestarako, alegia, eraikin esanguratsuak hartu dituzte, pentsioen erreformaren kontrako "borrokan". Hala egin zuten, adibidez, iragan apirilaren 20an, Parisko burtsa kudeatzen duen Euronexten egoitzan sartuta.

Bitartean, manifestazioak hasi dituzte herrialde osoan. Guztira, 250 protesta zeuden deituta gaurko.

Horri aurre egiteko, 11.000 polizia (4.000 Parisen) ari dira lanean, "Black bloc" taldeek istiluak eragin ditzaketeelakoan.

Grebak bertan behera utzi ditu espainiar eta frantziar estatuen arteko hainbat hegaldi

Estatu mailan egin duten hamalaugarren greba egun honetan, espainiar Estatuarekin programatutako 40 hegaldi bertan behera gelditu dira, 12:00ak arte, Aenak jakitera eman duenez.

Guztira, 347 hegaldi zeuden aurreikusita gaurko.