Itxi

Ukrainako gerra

Presa baten suntsipenak uholdeak eta kalte ekologikoak eragin ditu Khersonen

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Presa hori giltzarria zen Ukrainak bere lurraldeak berreskuratzeko erasoaldian. NATOk erasoa salatu du eta EBk gerra krimentzat jo du suntsiketa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nova Kakhovka zentral hidroelektrikoko presa suntsituta geratu da gaur goizean, eta Kherson eskualdeko hainbat herri urpean geratu dira. Ukrainako Gobernuaren esanetan, "makina-gelaren barruan leherrarazitako detonazio batek" euste-hormaren sektore bat suntsitu du, Dnieper ibaiko urtegirik garrantzitsuenetako batean.

Presa suntsitzearen ondorioz, 150 tona motor-olio isuri dira Dnieper ibaira, Ukrainako agintarien arabera, eta hondamendi ekologiko baten beldur dira.

Zentral hidroelektriko horrek garrantzi handia du inguru osorako, bereziki Zaporizhiako zentral nuklearrak ondo funtzionatzeko eta Krimeako penintsula hornitzeko.

Errusiak okupatutako herriko agintariek larrialdi-egoera ezarri dute hirian, eta inguruko herritarrak ebakuatu ditu uholde arriskuagatik. 80 bat herri "urpean" daude dagoeneko, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera.

Ukrainak eta Errusiak elkarri egotzi diote presa suntsitu izana. Kievek Errusiari leporatu dio presa leherraraztea, Ukrainako kontraerasoa gelditzeko. Errusiaren arabera, berriz, azpiegitura hautsi egin da, Ukrainako artilleriak eraso egin ostean.

Nova Kakhovka hiria duela 15 hilabete baino gehiago okupatu zuen Errusiak. Kherson hiritik 60 kilometrora dago, herrialdearen hegoaldean. Dnieper ibaiak bi armaden arteko banalerroa markatzen du.

NATOk eta EBk erasoa salatu dute

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak "izugarritzat" jo du azpiegitura hidrikoaren suntsiketa, eta Errusiak Ukrainan egindako erasoaren "basakeria" agerian uzten duela esan du.

"Nova Kakhovkako presaren suntsiketak milaka zibilen bizitzak arriskuan jartzen ditu eta kalte larria eragiten du ingurumenean", adierazi du NATOko buruak.

Europar Batasunak presaren aurkako erasoarekin gerra krimena egitea leporatu dio Errusiari. "Azpiegitura zibilak suntsitzea gerra krimena da argi eta garbi, eta erantzukizunak eskatuko dizkiegu Errusiari eta bere aliatuei", esan du Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak.

Bestalde, Errusiako Ikerketa Batzordeak ikerketa agindu du Kherson hiritik 60 kilometrora dagoen presa suntsitu duen ustezko eraso terrorista argitzeko.

Zaporizhiako zentral nuklearra, "kontrolpean"

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren urgentziazko bilera deitu du, azpiegitura horren suntsiketaren ondorioak aztertzeko.

Bileran, gutxienez 150 tona olio isuri direla baieztatu dute. Gainera, "300 tona baino gehiago isurtzeko arriskua dago", erantsi dute, baina Zelenskiren bulegoak ez du jatorria zehaztu.

Kieven arabera, gertakariak Zaporizhiako zentral nuklearrari eragin diezaioke. "Presako ura ezinbestekoa da zentralak behar duen argindarra jasotzeko eta turbina eta segurtasun sistemak martxan edukitzeko", azaldu du.

Dena dela, zentrala kudeatzen duen Rosenergoatom enpresa errusiarraren arabera, arriskua "oso txikia" da eta egoera "kontrolpean" dute. Zaporizhiako zentral nuklearra maila altuagoan dago, eta ez omen da urpean geratuko.

Aurretik ere aritu izan dira Kiev eta Mosku mokoka azpiegitura horren kontura. Duela hilabete batzuk Kakhovkako zentralean minak jartzea egotzi zion Zelenskik Errusiari. Errusiaren larrialdi zerbitzuek, berriz, misilak jaurtitzea leporatu zieten ukrainarrei.

Albisteak (1)

Bideoak (1)