Annecy (Frantziako Alpeak)
Sei pertsona zauritu dituzte, horietako bost oso larri, Frantzian haurren aurka egindako eraso batean
Agentziak | EITB Media
Agintariek eraso terrorista izan denik baztertu egin dute, momentuz. Erasotzailea bere burua kristau gisa identifikatu zuen 31 urteko gizonezko siriarra da eta lekuan bertan atxilotu dute. Macron presidenteak "eraso koldarra" izan dela esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lau haur txiki eta heldu bat oso larri daude, eta beste pertsona heldu bat larri, arma zuriz egindako eraso baten ondorioz, Alpeetako Annecy hiriko (Frantziako hego-ekialdea) haur-parke batean.
Haurrek 22 hilabete eta hiru urte bitartean dituzte, eta horien artean britainiar bat eta nederlandar bat daude, baita bi anaia ere, agintarien arabera.
Erasoa Annecy hiriko Europako Lorategiak parkean gertatu da goizeko 09:45ak aldera. Bertako iturrien arabera, erasotzailea parkean aurrera eta atzera ibili da bidean aurkitzen zituen haurrak eta haiekin zeuden helduak aizto batekin erasotuz. Parkean bertan atxilotu dute eta polizia-etxera eman dute galdekatu ahal izateko.
Momentuz, agintariek ez dute uste atentatu terrorista izan denik: "Motibazio terrorista izan duela adierazi dezaketen elementurik ez dugu aurkitu" - esan du prentsaurrean Lisa Bonet-Mathisek, Annecyko fiskalak. Aurrekari polizialik ere ez dauka.
Polizia-iturriek jakinarazi dutenez, erasotzailea Abdalmasih H. da, bere burua jazarpena sufritzen ari zen kristau gisa definitu zuen 31 urteko siriarra. Errefuxiatuen eta Herrigabeen Babeserako Frantziako Bulegoan (OFPRA) babesa eskatu zuen azaroaren 28an. Ondoren, ordea, Suediak errefuxiatu estatusa eman zion joan zen apirilean. Herrialde hartan bizi izan zen, 2013an Europara iritsi zenetik eta Frantziara mugitu aurretik. Estatutu horri esker Schengen eremuan mugitu zitekeen.
Erreakzioak
Emmanuel Macron presidenteak koldartzat jo du erasoa eta herrialde osoa "hunkituta" dagoela adierazi du. "Herriaren pentsamenduak biktimekin, haien senitartekoekin eta bertan lanean ari diren larrialdi zerbitzuekin daude" - adierazi du.
Elizabeth Borne lehen ministroa eta Gerald Darmanin Barne ministroa Annecyn dira dagoeneko.
Asanblea Nazionalak minutu bateko isilunea egin du goizean biktima hauek oroitzeko.