Ameriketako Estatu Batuak
Trump inputatu dute dokumentu sailkatuen auzian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
AEBko presidente ohiak jakinarazi duenez, Miamiko Auzitegi Federalean agertzeko deitu dute datorren asteartean. Lehen aldiz inputatu dute bertan agintari ohi bat kargu federalak egotzita.
Donald Trump Ameriketako Estau Batuetako (AEB) presidente ohia (2017-2021) inputatu dute, kargu federalak egotzita, dokumentu sailkatuei buruzko ikerketa baten baitan, Trumpek berak sare sozialetan ziurtatu duenez. Lehen aldiz inputatu dute bertan agintari ohi bat kargu federalak egotzita.
Ildo horretatik, Trumpek salatu du bere kontrako jazarpena dagoela herrialdean, eta demokratek AEBko hauteskundeetan esku hartu nahi dutela. "Ez nuen uste AEBko presidente ohi bati horrelakorik gerta zekiokeenik, gure herrialdeko historian beste edozein presidentek baino boto gehiago jaso nituela gogoan izanda", esan du Trumpek Truth Social sare sozialean idatzitako mezu batean, eta "errugabea" dela azpimarratu du.
Hain zuzen ere, Trumpi zazpi delitu federal inputatu dizkiote Miamin, tartean, AEBko Gobernuaren instalazioetan soilik egon behar duten dokumentu sailkatuak eta sekretuak legez kanpo atxikitzeagatik, justizia oztopatzeagatik eta konspiratzeagatik, tokiko hedabideek jakitera eman dutenez.
AEBko presidente ohiak bere sare sozialetan azaldu duenez, Miamiko Auzitegi Federalean agertzeko deitu dute datorren asteartean, bertan 15:00ak direnean.
Dena dela, epaileak igorritako dokumentu judiziala ez da oraindik ofizialki ezagutzera eman, eta AEBko Justizia Departamentuak ez du aipamenik egin nahi izan kasu horri buruz. Truth Socialen argitaratutako bideo batean, Trumpek AEBko Justizia Departamentua eta FBI kritikatu ditu, eta egungo gobernuak horiek instrumentalizatzen dituela salatu.
"Hauteskunde-interferentzia deritzogu horri; izan ere, nire ospe onari kalte egiten saiatzen ari dira AEBko hauteskundeak irabazi ahal izateko (...) Nire kontra doaz, inkestetan aurrena agertzen naizelako", esan du.
Trump kargu kriminalei aurre egingo dien AEBko lehen presidente ohia da. Apirilean, New Yorkeko epaimahai batek 34 delitu leporatu zizkion politikari errepublikanoari, AEBko Presidentetzarako 2016ko hauteskunde-kanpainan Stormy Daniels aktoreari egindako ordainketa batzuengatik.
Ostegun honetako inputazioa Jack Smith fiskalak zuzentzen duen ikerketaren ondorio da, FBIk Trumpen Floridako etxean topatu zituen ehunka dokumentu sailkatu legez kanpo izatea egotzi baitio.
Testuinguru horretan, AEBko Justizia Departamentuak Etxe Zuriko presidente ohiaren hainbat senide eta funtzionario ohi deitu ditu, epailearen aurrean deklaratzeko ikerketa horren baitan.
Merrick Garland fiskal nagusiak azaroan eman zion auzi honen ardura Smith fiskalari. 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren kontrako erasoan Trumpek izan zuen parte-hartzea ere ikertzen ari da.