Itxi

Bake negoziazioak Habanan

Kolonbiako Gobernuak eta ELNk aldebiko su-etena adostu dute, eta Petrok amaiera data jarri dio gatazkari

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

NBEk eta eliza katolikoak gainbegiratuko dute su-etena betetzen den. "2025eko maiatzean behin betiko amaituko da ELNren eta Estatuaren arteko hamarkadetako gerra", ziurtatu du Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak.

Habanan 35 egunez izan den negoziazio-zikloaren itxiera. Argazkia: EFE

Kolonbiako Gobernuak eta Askapen Nazionalerako Armadaren (ELN) gerrillak su-eten "nazionala", "aldebikoa" eta "aldi baterakoa" sinatu dute gaur. Hasiera batean, su-etenak 180 eguneko iraupena izango du, abuztuaren 3tik hasita.

Lehen fase batean, uztailaren 6ra arte izena emateko eta erasoaldiak geldiarazteko agindua ematea aurreikusten da akordioan, Gobernuaren ordezkaritzak azaldu duenez. Ondoren, su-etena ofizialki indarrean sartuko da abuztuaren 3an. NBEk eta eliza katolikoak gainbegiratuko dute su-etena.

Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak ziurtatu du 2025eko maiatzean lor daitekeela bakea. "2025eko maiatzean behin betiko amaituko da ELNren eta Estatuaren arteko hamarkadetako gerra", esan du agintariak, Habanan 35 egunez izan den negoziazio-ziklo honen itxieran.

Bi aldeek egutegi bat itxi dute, azken akordioaren sei puntuko lehen hiru puntuak -parte-hartzea, demokrazia eta eraldaketak- sinatuta izateko epemuga gisa 2025eko maiatza jarri dute. Horri esker, Petrok bere agintaldia amaituko luke Latinoamerikako azken gerrilla handiarekin bakea lortuta.

Bestalde, Pablo Beltran Askapen Nazionalerako Armadaren (ELN) gerrillako negoziazio-buruak Gobernuarekin bakea lortzeko negoziazioen hirugarren zikloaren amaieran adierazi duenez, gaur iragarri duten aldebiko su-etenak "Kolonbia aldatzea" du helburu. "Xede humanitario bat bilatzen du: gatazka murriztea, Kolonbian gizartearen partaidetzarako giro hobea egon dadin", adierazi du Beltran-ek.

"Gogoan izan ELN zergatiak konpontzeko, ez ondorioak", ohartarazi du buruzagi gerrillariak. Horrela, gizartea barne hartu nahi du "gatazkaren arrazoien azterketa sakona" egin ahal izateko.

 Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak Kolonbiako Gobernua eta ELN gerrilla zoriondu ditu, eta erakundeak bake prozesua babesten jarraituko duela agindu du.