Errusia
Errusiako Justiziak beste epaiketa bat hasi du Navalniren aurka, eta 30 urteko zigorra ezar diezaiokete
Agentziak | EITB Media
Errusiako oposizioko burua 2022ko ekainetik dago preso. Estremismoagatik epaituko dute oraingoan, muturreko ekintzak finantzatzea eta bultzatzea eta herritarren eskubideen aurka egin zuen erakunde bat sortzea leporatuta.
Errusiako Justiziak beste epaiketa bat hasi du gaur, oraingoan estremismoagatik, Alexei Navalni oposizioko buruzagi errusiarraren aurka; 30 urte gehiagoko espetxe zigorra ezar diezaiokete. Oposizioko liderrarekin batera, Daniel Jolodni dago akusatuen aulkian, Navalni LIVE YouTubeko kanaleko zuzendari tekniko ohia; 15 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.
Epaiketa Vladimir eskualdeko 6. zigor espetxean izango da, Navalni 2022ko ekainetik giltzapetuta duten lekuan. Navalnik berak aurretik salatu du espetxeko funtzionarioek ez diotela utzi epaiketa behar bezala prestatzen, ziegan akusazioaren 196 liburukietatik bakarra izaten utzi diotelako.
Mediazona atariak jakinarazi duenez, Navalniri muturreko ekintzak finantzatzea eta bultzatzea eta herritarren eskubideen aurka egin zuen erakunde bat sortzea egozten diote.
Gainera, adingabeak ekintza arriskutsuetan sartzea ere egotzi diote, oposizioak baimenik gabe deitutako manifestazioak bultzatzeagatik.
Vladimir Putin presidenteak Ukrainan abiatutako "gerra kriminala" gaitzetsi du Navalnik sare sozialetan, ehunka mila errusiar "hiltegira" bidaltzea egotzita.
Justiziak 2022ko azaroan atzera bota zuen Navalniren abokatuen helegitea, eta zortzi urteko kartzela zigorra berretsi zuen, iruzurra eta men ez egitea egotzita.