DESAGERTUTAKO ITSASPEKOA
Ordu kritikoak, 'Titan' itsaspekoaren bilaketan
EITB MEDIA
Erreskate taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean, 12:00ak eta 14:00ak bitartean agortuko baitzaie oxigenoa.
Erreskate taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean Titan itsaspekoaren bila Atlantikoko uretan.
Itsaspekoa kudeatzen duen Ocean Gate konpainiaren arabera, itsaspekoak 96 ordurako oxigenoa du, eta, hortaz, 12:00ak eta 14:00ak bitartean agortuko zaie.
Titanic ontziaren hondakinak ikustera turistak eraman ohi dituen itsaspekoa igandean urperatu zen, bost lagun barruan zituela. Urperatzea hasi eta bi ordura eman zuen konpainiak desagertzearen berri. Tripulazioa Shahzada Dawood enpresari pakistandarrak eta Suleman semeak, Hamish Harding esploratzaile britainiarrak, Paul-Henry Nargeolet esploratzaile frantziarrak eta Stockton Rush Ocean Gateko kontseilari delegatuak osatzen dute.
Ameriketako Estatu Batuetako kostazainek astelehenean abiatu zuten bilaketa operazioa Ternuako uretan, eta AEBko, Kanadako, Frantziako eta Erresuma Batuko baliabideak ari dira parte hartzen, hegazkin, itsasontzi eta itsaspeko droneak erabiliz.
Atzo, Titan itsaspekoa bilatzen ari den Kanadako hegazkin batek "itsaspeko soinuak" hauteman zituen ontzia desagertu zen eremuan. Dena dela, oraindik ez dago argi nondik datorren ezta zerk eragin duen soinu hori. Itxuraz, 30 minutuan behin kolpe hotsak entzun dituzte.
Adituen arabera, itsaspekoa oxigenorik gabe geratuko da ostegun honetan, baina ez dago argi aurkituz gero ere uretatik atera ahalko duten.