MATXINADA ERRUSIAN
Moskuko alkateak jaiegun izendatu du astelehena eta herritarrei joan-etorrian ez ibiltzeko gomendatu die
AGENTZIAK | EITB MEDIA
5000 mertzenario dira hiribururantz doazenak. Moskuko Hiri-fiskaltzak iragarri du, "terrorismoaren aurkako operazio-erregimena" aplikatzearen ondoriozko murrizketak izango direla desplazamenduetan, garraiobide pertsonaletan eta komunikazioetan.
Errusiako kupula militarraren aurkako altxamendua hasi duten Wagner mertzenario taldearen zutabeak Lipetsk eskualdean daude jada, Moskutik 340 kilometro hegoaldera, tokiko agintariek jakitera eman dutenez.
Sergei Sobianin Moskuko alkateak Telegrameko bere kanalean idatzi du "ahalik eta arrisku gutxien izateko", erabaki duela "astelehena jai egun izendatzea, agintarientzat, ziklo jarraituko enpresentzat, konplexu militar-industrialarentzat eta hiriko zerbitzuetan izan ezik". "Udal zerbitzuak alerta gorenean dira", azpimarratu du.
Sobianinek hiritarrei eskatu die ez daitezela hirian joan-etorrian ibili behar-beharrezkoa ez bada, litekeena delako zenbait errepide trafikoari moztea.
Ekitaldi jendetsuak ere bertan behera utzi edo atzeratzea dakar neurriak ere, hala nola, eskolako graduazio jaiak edota futbol ligako partidak. Vonorezh eskualdeari ere eragiten dio aginduak.
Errusiako agintariek metrailadoreekin armatutako poliziak zabaldu dituzte M4 Don autopistaren Moskuko sarreran, mertzenarioak atxilotzeko, Védomosti egunkariaren arabera.
Osasun Publikoko Ministerioak anbulantziak eta larrialdietako zerbitzuak bidali ditu ingurura, eta Errusiako hedabideetan zabaltzen ari diren irudien arabera, autobidean oztopoak jartzen ari dira mertzenarioak zar ez daitezen. Kamaz kamioiekin bideak blokeazten ari dira batzuk eta errepideetan zangak zulatzen beste zenbait.
5.000 gizon Moskurantz
Azken informazioen arabera, Wagnerren mertzenarioek osatutako konboia, Moskura hurbiltzen ari dena, 5.000 gizonek osatzen dute. Guztira, Wagnerrek 25.000 gizon izan ditzake.