Hondamendi naturalak
Gutxienez 37 hildako Hego Korean izandako uholdeengatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez beste 10 pertsona desagertuta daude, eta 7.800dik gora euren etxeetatik irtenarazi dituzte. Oro har, 220 errepide inguru itxi dituzte, eta trenbide-zerbitzua etenda dago herrialde osoan.
Gutxienez 37 lagun hil dira Hego Korean azken orduetako euriteek eragindako uholdeengatik eta lur-jauziengatik. Gainera, gutxienez beste 10 pertsona desagertuta daude, eta 7.800dik gora euren etxeetatik irtenarazi dituzte.
Yonap albiste-agentziaren arabera, Osong hirian (Hego Koreako erdialdean), lur azpiko tunel baten harrapatuta geratutako autobus bateko zazpi bidaiari daude hildakoen artean. Urak hartuta dago 700 metroko tunel hori larunbataz geroztik, euri-zaparradengatik, zonaldean dagoen ibai batek gainezka egin ostean.
Litekeena da hildako gehiago izatea, tunel horretan beste hainbat ibilgailu daudela uste baitute.
Ipar Gyeongsangeko probintzia da kaltetuena: 17 hildako izan dira bertan, eta 2.300 ebakuatu. Oro har, 220 errepide inguru itxi dituzte, eta trenbide-zerbitzua etenda dago herrialde osoan.