Atentatua
Gutxienez 40 pertsona hil dira Pakistanen izandako atentatu suizida batean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tokiko agintariek baieztatu dutenez, aurretiazko ikerketaren arabera, atentatu suizida izan da. Erasoa Pakistango alderdi islamista garrantzitsuenaren ekitaldi batean gertatu da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gutxienez 40 pertsona hil eta 200 zauritu dira igandean Jamiat Ulema e Islam (Fazl) Pakistango alderdi islamista garrantzitsuenaren (JUI-F) ekitaldi batean izandako atentatu suizida batean, Jíber Pajtunjua ipar-mendebaldeko probintzian, Feroze Yamal Sha Kakajel jarduneko Barne ministroaren azken balantzearen arabera.
Atentatua 16:00ak aldera izan da (13:00ak Euskadin), alderdiko 500 bat militante eskualdeko buruzagi baten hitzaldia entzuten ari zirenean.
Hildakoen artean Jar alderdiko buru Ziaula Jan maularra eta Nawagaiko idazkari nagusi Hamidula Haqqani daude.
Pajtunjuako Poliziaren inspektore nagusiak adierazi duenez, aurretiazko ikerketaren arabera, atentatu suizida izan da.
Orain arte, talde bakar batek ere ez du bere gain hartu bonba bidezko atentatua izan zitekeenaren erantzukizuna, baina Pakistango hainbat goi-kargudunek, hala nola Bilawal Bhutto Zardari Pakistango Alderdi Popularreko (bigarren alderdi nagusia) Atzerri ministro eta buruzagiak, gaitzetsi egin dute gertatutakoa terrorismo ekintza gisa.