AEB
Trump, espetxeratuta ere, presidente izan daiteke? Inputazioaren osteko galdera-erantzunak
Agentziak | EITB Media
Presidente ohia hauteskunde emaitzak aldatzen saiatzeagatik auzipetu dute, eta hirugarren auzipetzea du jada. Prozesuok izan ditzaketen ondorio juridiko eta politikoak aztertu ditugu.
Hirugarrenez auzipetu dute Donald Trump AEBko presidente ohia. Oraingoan, 2020ko hauteskunde emaitzak aldatzen saiatzeagatik lau kargu leporatuta inputatu dute. Zeintzuk dira ondorio juridiko eta politikoak?
2024ko hauteskundeetara aurkez daiteke?
Bai, eta, berez, hori da bere asmoa. Trump faborito da errepublikanoen artean, Ron DeSantis Floridako gobernadore eta lehiakide nagusiari alde ederra aterata.
Ez dago legezko oztoporik errepublikanoen hautagai izateko, ez auzipetu gisa, baina ezta kartzelatzen badute ere. Hala adierazi zuen martxoan, haren kontrako lehen inputazioa jakinarazi zenean, Scott McLean Quinnipiac Unibertsitateko Zientzia Politikoen irakasleak.
Bada aurrekaririk. 1920an Eugene Debs sozialista hauteskundeetara aurkeztu zen eta ia milioi bat boto eskuratu zituen Atlantako (Georgia) kartzelan zegoela. Sedizio delitua egotzita zigortu zuten bi urte lehenago, AEBk I. Mundu Gerran parte hartzeagatik protesta egiteagatik.
Kartzelatuta ere presidente izan daiteke?
Beste behin, ez dago horretarako legezko oztoporik, baina ondorio politikoak ikuskizun daude. AEBko Konstituzioak kasu bakarra aipatzen du balizko gaitasungabetze baterako: matxinadagatik zigortua izatea. Dena dela, Trumpi ez diote halakorik egotzi.
Mark C. Smith Cedarville Unibertsitateko Politika eta Konstituzio Zuzenbideko irakaslearen esanetan, "bada delitu federal bategatik zigortuta izan ondoren kargu publikoa izan duen politikaririk, eta gutxienez bat kartzelan egonda aurkeztu zen".
James Traficant (1985-2002) aipatu du Smithek. Kanpainako dirua bere gastuetarako erabiltzeagatik zigortu eta espetxeratu zuten. "Zigorra jaso ostean, baina epaia jaso baino lehen, bere karguan jardun zuen. Behin epaia jasota, bota egin zuten. Dena dela, gerora berriro aurkeztu zen, kartzelan zegoela, eta botoen % 15 eskuratu zituen".
Aurrekariak kontuan hartuta, "teknikoki" behintzat ez dago arazorik, adituaren hitzetan: "Akaso politikoki zerbait alda daiteke, baina legalki posible da aurkeztea eta karguan jardutea".
Zein kargu egotzi diote eta noiz izango da epaiketa?
Jack Smith fiskalak honakoak leporatu dizkio Trumpi: AEBri iruzur egiteko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzeko konspirazioa, prozedura ofiziala oztopatzen saiatzea eta eskubideen aurkako konspirazioa.
Smithek aurreratu duenez, presidente ohiaren kontrako "epaiketa azkarra" egiten saiatuko da, baina ia ziurra da hainbat hilabeteren buruan izatea. Izan ere, behin karguak jakinarazita ezartzen du epaileak epaiketarako data, baina aldeek errekurritu ohi dute lege-prozedurak argudiatuta edo frogak berrikustea eskatuta. Epailearen aurreko erabakien kontrako helegitea ere aurkez dezake Trumpek, eta horrek are gehiago atzera lezake epaiketa.
Zein beste auzitan dago nahastuta?
Honako hau ez da Trumpek zabalik duen prozesu judizial bakarra. Floridako auzitegi batek 37 kargu egotzi zizkion AEBko Gobernuaren dokumentu sailkatuak Mar-a-Lagon duen etxera eramatea leporatuta. Epaiketa 2024ko maiatzean izango dela uste da, atzerapenik ez badago behintzat.
Martxotik, kargu kriminalei aurre egin dien AEBko lehen presidente ohia da Trump. Stormy Daniels porno aktorearekin izandako sexu-harremanak ezkutatzeko legez kanpoko ordainketa egiteagatik auzipetu zuten. Aurreikuspenen arabera, 2024ko martxoan da egitekoa epaiketa, baina ez da atzeratzea baztertzen.
Gaur ezagutarazi dutena Trumpen kontrako hirugarren auzipetzea da.
Dagoeneko zigor bat ere badu AEBko presidente ohiak: Jean Carroll idazleari sexu-abusuak egiteagatik kondenatu zuten maiatzean.