Itxi

Ekuador

Fernando Villavicencio Ekuadorko presidentegaia tiroz hil dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Movimiento Construyeko hautagai eta Lasso presidentearen gertukoak hiru tiro jaso ditu buruan, Quiton egindako mitin baten ostean. Politikariaren bizkartzainek ustezko erasotzaileetako bat hil dute. Sei pertsona atxilotu dituzte tiroketarekin zerikusia dutelakoan. Lassok salbuespen-egoera ezarri du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fernando Villavicencio Ekuadorko presidentegaia tiroz hil du bart (asteazken arratsaldean, Ekuadorren) ustez sikario talde batek, Quito hiriburuan mitina eman ostean. Abuztuaren 20an presidenterako hauteskundeak dituzte Erdialdeko Amerikako herrialdean, eta kanpaina betean zeuden hautagaiak (tiroketaren ostean, bertan behera utzi dute gehienek). Sei pertsona atxilotu dituzte tiroketarekin zerikusia dutelakoan.

Villavicencio, kazetaria lanbidez eta sindikalista ohia, Movimiento Construye alderdiko hautagaia zen, Lasso presidentearen gertukoa. Ekuadorko Fiskaltzaren arabera, hiru tiro jaso ditu buruan. Mitinaren ostean ibilgailu batera igotzera zihoala egin dute hautagaiaren aurka eta larri zauritu. Berehala eraman dute osasun etxera, eta bertan hil da, Carlos Figueroa mediku eta kanpainako aholkulariak El Universo egunkariari baieztatu dionez. 

Guillermo Lasso Ekuadorko egungo presidenteak salbuespen-egoera ezarri du herrialde osoan 60 egunez, eta hauteskundeen datari eutsi dio. "Demokrata eta borrokalari bat galdu dugu, ez ditut hauteskundeak bertan behera utziko. Egin egin behar dira, eta demokrazia indartu behar dugu. Hori da bozkatzera joateko arrazoirik onena: demokrazia, Ekuadorko familiaren segurtasuna eta bizitza eta herrialdearen etorkizuna defendatzea", aldarrikatu du. Erasoa "krimen antolatuak" agindu du, Lassoren ustez. 

Fiskaltzak ikerketa abiatu, eta jakinarazi du Villavicencioren bizkartzainek ustezko erasotzaileetako bat hil dutela. 

"Susmagarri bat larri zaurituta geratu da segurtasun indarren eta erasotzaileen artean izandako tiroketan. Hura harrapatu eta Quitoko Flagrancia unitatera eraman dute. Suhiltzaileen anbulantzian hil da. Ekuadorko Polizia arduratuko da gorpua altxatzeaz", argitaratu du Fiskaltzak X sare sozialean (Twitter zena). 

 

#URGENTE | #FiscalíaEc investiga el asesinato del candidato presidencial #FernandoVillavicencio, perpetrado la tarde de este 9 de agosto. Una agente fiscal, en conjunto con criminalistas de @PoliciaEcuador toman procedimiento en la casa de salud donde yace la víctima. pic.twitter.com/dVpt4VQeRI

— Fiscalía Ecuador (@FiscaliaEcuador) August 10, 2023
 

 

Tiroketa Ekuadorren 18:20 zirenean jazo da (01:20, Euskal Herrian). Bederatzi pertsona zauritu dira, Asanblea Nazionalerako hautagai bat eta bi polizia tartean, Ministerio Publikoaren arabera. 

Sei pertsona atxilotu dituzte

Poliziak sei pertsona atxilotu ditu Villavicencioren hilketarekin zerikusia dutelakoan. Atxiloketak gauean egin dituzte, Conocoto eta San Bartolo auzoetako hainbat miaketatan, betiere Fiskaltzaren esanetan. 

Villavicenciok kazetari jardun zuen urte luzez, eta Rafael Correa presidente ohiaren (2007-2017) ustezko ustelkeria salatu zuen. Abuztuaren 20ko hauteskundeetara aurkeztu ziren zortzi hautagaietako bat zen. Atentatuaren berri izan baino ez, hautagai gehienek bertan behera utzi dute kanpaina.

Alexandra Villavicenciok, politikariaren arrebak, Ekuadorko Gobernua egin du horren arduradun. Emakumeak kazetariei esan die nebak heriotza-mehatxuak jaso zituela, baina Gobernuak ez ziola nahikoa segurtasun jarri. 

Los Lobos talde armatuak bere gain hartu du hilketa

Ekuadorko hainbat hedabidek jaso dutenez, bideo bat dabil zabal sare sozialetan. Bertan, Los Lobos deitutako talde armatu batek bere gain hartu du hilketa. "Hurrengoa" Jan Topic hautagai eta enpresaburua izango dela ohartarazi dute. 

Albisteak (1)

Bideoak (1)