Itxi

Ekonomia berriak

BRICS taldeko herrialdeek blokea hedatzea aztertuko dute Hegoafrikan, Putin gabe

Agentziak | EITB Media

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika herrialdeek osatzen duten taldeak euren ekonomien "desdolarizazioa" aztertzea ere espero da. Aurrez aurreko lehen goi-bilera dute aurtengoa 2019tik.

BRICSen Goi Bilerarako prestaketak, Johannesburgon. Argazkia: EFE

BRICS taldea osatzen duten herrialdeek (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) astearte honetan hasiko dute Johannesburgen estatuburu eta gobernuburuen XV. Goi Bilera, besteak beste, blokea hedatzea aztertzeko. Vladimir Putin Errusiako presidentea, baina, ez da bertan izango.

Batzarrak ostegunera arte egingo dute, Sandtongo Konbentzio Zentroan, Hegoafrikako hiriaren finantzen bihotzean, eta BRICS taldeko herrialdeek 2019tik aurrez aurre egiten duten lehen goi-bilera izango da. Azken urteotan bideokonferentzia bidez egin dituzte bilerak, koronabirusaren pandemiaren ondorioz.

Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea, Xi Jinping Txinakoa, Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoa eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa bertan izango dira; ez, ordea, Putin.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak Putin atxilotzeko agindua eman zuen Ukrainan ustez gerra krimenak egin izana egotzita, eta, hori dela eta, Errusiako presidentea ez da bertan izango, baina telematikoki esku hartuko du; Sergei Lavrov Atzerri ministroak ordezkatuko du bileran.

Gainera, Hegoafrikak Hegoaldeko Munduko 67 buruzagi gonbidatu ditu, Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea eta Luis Arce Boliviakoa barne.

Bileraren agendari buruzko xehetasun gutxi ezagutzen diren arren, aurreikuspenen arabera, blokearen hedapena izango dute gai nagusi.

Era berean, euren ekonomien "desdolarizazioa" aztertzea ere espero da, hau da, tokian tokiko dirua bultzatzea salerosketetan, dolarraren kaltetan. BRICSek 2015ean sortutako Garapenerako Banku Berriak jarrera hori babesten du.

Albisteak (1)