Hondamendi naturala
2.800dik gora dira Marokoko lurrikararen ondorioz hildakoak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zehazki, Barne Ministerioak 2.862 hildako eta 2.562 zauritu erregistratu ditu orain arte. Marokoko agintariek, bitartean, kaltetutako eremuetan lanean jarraitzen dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ostiral gauean Maroko astindu zuen lurrikarak 2.800 hildako baino gehiago utzi ditu, behin-behineko balantzearen arabera, eta zenbaki horrek gora egitea espero da, hondakinen artetik inor bizirik ateratzeko azken orduak baitira.
Hain zuzen ere, Barne Ministerioak 2.862 hildako eta 2.562 zauritu erregistratu ditu astelehen honetara arte, Marrakechetik gertu, Atlas Garaian izandako lurrikararen ondorioz.
Hasi da nazioarteko laguntza hondamendi guneetara iristen, baina herritarren artean haserrea areagotzen ari da, Gobernuak berandu erreakzionatzeaz gain, ez baita bertaratu lurrikarak gogorren astindu duen gunera oraindik.
Marokoko Geofisika Institutu Nazionalak kaleratutako alerta sismikoan agertzen denez, lurrikarak 7 graduko indarra izan zuen ritcher eskalan, Maroko iparraldea jo zuen gogorren, eta 8 kilometroko sakonera gertatu zen, ostiraleko 23:11n.
Ighil herrian izan zuen erdigunea, Marrakextik 80 kilometrora, hego-mendebaldera.
Emakume bat, bere etxeko hondarren artean eserita, Moulay Brahimen. Argazkia: EFE
Erreskatea
Marokoko Indar Armatuen Estatu Buruzagitzak erabateko mobilizazioa agindu du, eta Larrialdietako zerbitzuak eta Babes Zibila lanean ari dira etengabe zaurituak eta kaltetuak artatzeko, eta hondakinen azpian harrapatuta geratu direnak erreskatatzen.
Gainera, nazioarteko laguntza mobilizatzen hasi dira, bizirik dauden pertsonak bilatzeko eta hondakinak kentzeko lanetan laguntzeko. Erreskate taldeak zabaltzen hasi dira, Marokoko Gobernuak lau herrialderen laguntza onartu ostean: Espainia, Erresuma Batua, Arabiar Emirerriak eta Qatar.
Bestalde, Accion Norteko euskal suhiltzaileak azkenean ez dira Marokora joango, azken unean ez baitute baimenik lortu. EITBk jakin ahal izan duenez, dena prest zuten abiatzeko, baina baimenik gabe ezin dute euren lana egin eta ez joatea erabaki dute.
Gainera, odola emateko deia egin diete herritarrei, zaurituak artatu ahal izateko. Casablancako Mohamed VI Ospitalean transfusio zentro bat ireki dute, eta martxan dago atzo goizetik.
Marrakexeko Odol Transfusioetarako Zentroak ere odola emateko deia egin die 18 urtetik gorako gizon-emakume guztiei.
Lur Uribarren mendi gidaria Marrakextik: "Beldur handia pasa dugu, erotzekoa izan da"
Bien bitartean, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta alderdi politikoak biktimei laguntzeko kanpainak abiatu dituzte, eta Klinika Pribatuen Elkarte Nazionalak agintarien esku utzi ditu bere baliabideak biktimei laguntzeko.
Lurrikarak suntsitutako etxe bat, Moulay Brahimen. Argazkia: EFE
Euskal herritarrak Marokon
Beste bide batzuetatik ere iritsi diren arren, gaur goizean lurreratu da Loiun Marokotik euskal herritarrak zekartzan lehenengo hegaldia. Gertatutakoarekin guztiz hunkituta iritsi dira. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen ez zuela euskal biktimen berririk.
Behin lurra hartuta, euren bizipenak EITB Mediarekin partekatu dituzte euskal bidaiariek.