LURRIKARA MAROKON
Accion Norteko suhiltzaileak ez dira Marokora joango: "Funtsezkoak ziren lehen orduak galdu ditugu"
E. Jauregi Oiartzabal | EITB Media
Dena prest zuten Marokora joateko erreskate lanetan laguntzeko, baina Marokoko Gobernuak ez du laguntza humanitarioa sartzeko baimenik eman eguerdira arte. Berriro azertu ondoren, ez joatea erabaki dute, lurrikaratik 48 ordu baino gehiago igaro ondoren, ezin izango dutelako jada euren lana egin.
Ostiraletik zazpi lagun eta hiru txagur gidari prest bazituzten ere, Accion Norteko euskal suhiltzaileak ez dira, azkenean, Marokora joango erreskate lanetara. Izan ere, baimena "beranduegi" iritsi dela uste dute eta jada egin izango luketela euren lana egin.
Juan Carlos Delgado GKEko kideak EITB Mediari azaldu dionez, gaur goizeko 07:30ean hegaldi bat hartu behar zuten Marokorako baina Marokoko Gobernuak nazioarteko laguntza sartzeko baimenik ematen ez zuenez, eta baimenik gabe ezin izango zutela behar bezala lan egin jakinda, hegaldia ez hartzea erabaki dute.
Igande eguerdian, baina, Marokoko Gobernuak baimena eman die Espainiari, Erresuma Batuari, Arabiar Emirerri Batuei eta Qatarri laguntza bidaltzeko, eta, erabaki horren ostean, berriro ere aztertu dute joateko aukera.
21:00etan izango lukete lehen hegazkina, eta ez hegaldi zuzena, geldialdi batekin, baizik. Gauza horrela, bidaia bertan behera uztea erabaki dute, iristerako "berandu" litzatekeelako, azaldu du Delgadok: "Lurrikara gertatu eta 48 ordu baino gehiagora iritsiko ginateke. Lehen orduak galdu ditugu, funtsezkoak bizirik daudenak erreskatatzeko", zehaztu du. Izan ere, badakite orain joaten ari diren taldeak "ez direla jada erreskateetarako, osasun-gaietarako baizik". Horregatik, taldea desmobilizatzea erabaki dute.
Espainiako Estatutik, Kanpo Arazoetako Ministerioak jakinarazi du EEUko 65 militar, Madrilgo Larrialdietako 30 kide eta Malagako 5 suhiltzaile joango direla.